Koronabirus positiboak marka guztiak haustera iritsi ziren abendu bukaeran, eta horren kudeaketaren pisu handia Lehen Mailako Arretak jasan behar izan du. Proba diagnostikoak egiteaz gain, positiboen jarraipena egitea ere tokatu zaie Debagoieneko anbulatorioetako osasun profesionalei, eta zenbat eta kasu gehiago, orduan eta denbora gehiago eskaini behar izan diote gaixo-agiriak bete edota telefono deiak egiteari. Azaldu dutenez, pandemiak familia medikuen kontsultetako "ohiko lanak" ordezkatu ditu.
Idoia Sanchez Arrasateko anbulatorioko erizainak eta Argiñe Ibarguren Aretxabaletako medikuak eta Aitor Montes Aramaioko medikuak bat datoz: abendua "oso hilabete gogorra" izan da. Profesionalak azaroan jabetu ziren seigarren olatuaren indarraz, baina abenduko zubiaren ostean hasi zen beraien egoera "okertzen". Azaldu dutenez, transmisio komunitarioak "inoiz baino proba diagnostiko gehiago" egitera behartu ditu, eta, ondoren, horien jarraipena egitera. Opor eta jai egunetan ere lanera joan behar izan direla azaldu dute.
Ildo horretatik, Aretxabaletan lan egiten duen Argiñe Ibarguren medikuak adierazi du "ez zeudela prest" halako olatuari aurre egiteko: "Ezin izan ditugu herritarrak behar bezala artatu, eta, agian, sentsazio txarra izango dute; baina baita guk ere". Arrasateko anbulatorioko Sanchezek, berriz, olatua baino gehiago "tsunamia" izan dela azpimarratu du, eta "une zailak" bizi izan dituztela: "Lan zama ikaragarria izan da, eta baita horri aurre egiteko egin dugun ahalegina ere". Aurreko hirurekin bat eginda, Aramaioko mediku Aitor Montesek azaldu du aztarnari eta administrari lanak egiten igaro izan duela bere jardunaren erdia baino gehiago: "Lan eta lan ari gara, baina ez dugu lanik egiten; hobe esanda, ez dugu guri dagokigun lana egiten. Horren adibide da ia ez dugula odol analisi normalik edota gaixotasun kronikoen jarraipenik egin".
Olatuaren gorengo puntuan, egunero 30 herritarretik gora artatzera iritsi da Montes Aramaion, eta hori "salbuespena" dela azpimarratu du. Oñatin, bestalde, 300 probatik gora egin izan dituzte egun bakoitzean. Orain, baina, protokolo berria indarrean sartu denetik, egoerak "lasaitzera" egin duela adierazi dute anbulatorioetako langileek.
Protokolo berriak, arnasa
Urtarrilaren 7an jarri zen indarrean protokolo berria. Funtsean, Osasun Sailak COVID-19 kasuak kudeatzeko modua aldatu du, "talde zaurgarrietako herritarren arreta hobetzeko" eta "Lehen Mailako Arretako zein arakatzaile zerbitzuen karga arintzeko". Labur esanda, orain, 70 urtetik gorakoei, txertatu gabeei, haurdun daudenei, immunoeskasia dutenei, gaixotasun kronikoak dituztenei eta sintoma larriak dituztenei egiten zaie jarraipena eta proba, aldiz, laneko baja behar dutenei. Hitzorduak ere aplikazioaren bitartez eska daitezke, eta horrek telefono dei gutxiago egin behar izatea ekartzen duela azaldu dute langileek.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken hemezortzi egunetan, aldi baterako ezintasunerako 85.000 eskabide baino gehiago egin dira internet bidez, EAEn; baina, oraindik ere, bi astetan, milioi bat dei inguru jaso dituzte anbulatorioetan. Hala, dei horiei erantzuteko, telefono-bideak "sendotu" dituztela jakinarazi du Osasun Sailak eta, bestetik, Lehen Mailako Arretan laguntzeko administrazio-eremuko 140 langile kontratatu dituztela ere bai.
Anbulatorioetan aste honetan bertan igarri dute lan karga "arindu" egin dela. "Arnasa hartzen hasi gara eta duela bi aste baino hobeto gaude", onartu du Argiñe Ibargurenek, baina oraindik "kolapso egoeran" jarraitzen dutela dio. Montesek ere protokolo berriarekin proba gutxiago egiten direla esan du: aste batetik bestera, Aramaion hamarretik gora egitetik, hiru edo lau egitera igaro da. Baina, zama arindu bada ere, oraindik koronabirusari lotutako "lan asko" egin behar direla azaldu du medikuak: "Bajen edo lanerako ezintasunen kudeaketa gure gain dago eta horrek ere denbora asko eskatzen digu. Bestetik, egia da jendea aplikazioa erabiltzen saiatzen dela, baina moldatzen ez direnak ere badaude, eta hortaz, guk egin behar dugu zati handi bat. Eta badaude beste batzuk tramiteak azkarrago egiteko zuzenean osasun zentrora deitzen dutenak".
Sistemaren azken katebegia
Lehen Mailako Arretako langileek lan kargaz gain, "beraiekiko egon den bazterkeria" salatu dute pandemian zehar. "Profesional moduan, Lehen Mailako Arretan dagoen sentsazioa da osasun sistema osoan azkenak izan garela", esan du Ibargurenek. Bere iritziz, ZIUan eta Larrialdietako Unitateetan jarri dira "begirada guztiak". Sanchezek eta Montesek ere irudipen bera dute. Montesek horren adibidetzat jarri du protokolo berriekin gertatu izan dena: "Egun batetik bestera aldatzen ziren jarraibideak, eta sarri, kazetariak gu baino lehenago izaten zuten horien berri. Errespetu falta itzela da hori". Ibargurenek bide horretatik jarraitu du: "Lehen Mailako Arreta izan da sistema osoa bere gain hartu duena, eta hala ere, askotan, baztertuak sentitu gara. Protokoloak guri baino lehen helarazi zaizkie herritarrei eta ez dugu ordezkapenik izan".
Horrez gain, Aitor Montesek gehitu du "presio handia" jasan dutela anbulatorioetako osasun langileek eta Osakidetzako Zuzendaritzaren jarrera ez dela "egokia" izan: "Langileen osasun mentala et ongizatea ez dira inondik inora kontuan hartu. Pandemia hasi zenean ere ez genuen babeserako materialik izan. Maskararik ez zegoenean, gogoratzen dut herritarrek ekarri zizkigutela batzuk; obraren baten ostean soberan geratu zirenak edo...".
Herritarrengandik jaso dutenaz galdetuta, Idoia Sanchezek adierazi du aurreko olatuetan "enpatia handiagoa" sumatu duela erabiltzaileen partetik: "Ez dut uste jendea edukazio txarrekoa bihurtu denik, baina egia da olatu honek denok gainditu gaituela. Bakoitzak bere modura kudeatzen du egoera hau, baina iruditzen zait, funtsean, ez dakigula laguntza eskatzen, eta hor dagoela koska".
Bailarako profesionalak ohiko jardunera itzultzeko "gogoz" daudela azaldu dute, debagoiendar guztiak "behar bezala" artatu ahal izateko.
Idoia Sanchez: "Seigarren olatuan, lanera joateko gogoa joan zait"
Idoia Sanchez aretxabaletarra da, baina Arrasateko anbulatorioan egiten du lan. Pandemiak gogor astindu du bere bizitza pertsonal nahiz profesionala; batez ere, abenduko azken asteetan.
Arlo pertsonalean zer izan da zuretzat gogorrena?
Azken olatu honetan lanera joateko gogoa joan zait, eta hori berria izan da niretzat. Ez zait sekula pasatu. Nire lana asko gustatzen zait, gogoko dut erizaina izatea; are gehiago, Lehen Mailako Arretako erizaina izatea gustatzen zait. Baina aurreko hilabetean egoerak gainditu egin ninduen eta ez nuen lanera joan nahi. Ikaragarria izan zen. Bestetik, pandemia honek lehendik zetozen hainbat zapalkuntza gehiago indartu ditu; nire kasuan, erizaina izatea, emakumea izatea eta gaztea izatea. Pandemiaren erdigunean egon naiz, eta oraindik jendarteak uste du emakume gazte batek ez duela bere lankideek besteko autoritaterik. Hori ere gogorra izan da.
Eta nolakoa izan da Lehen Mailako Arretan jardutea pandemiari aurre egiterakoan?
Hedabideetan eta herritarren ahotan Zaintza Intentsiboetako Unitateak edo COVID unitateak egon dira nagusiki. Egia da, baina, azken bi olatuetan guk ere aintzatespena lortu dugula. Jendeak hausnarketa egin du: "Anbulatorioetako langileak zergatik ez dira iristen niri deitzera?". Profesional guztiok egin dugu lan asko, eta inor ez da atzean geratu; uste dut aitortza bera merezi dugula. Lehen Arretako langileon eta herritarron eskubideak aldarrikatzeko egin diren mobilizazioetara herritar asko joan dira, eta horrek ere asko esaten du.
Argiñe Ibarguren: "Ezin izan ditugu gauzak beste modu batera egin"
Bergarakoa da Argiñe Ibarguren, eta medikua da Aretxabaletako osasun etxean. Aste honetan egoerak baretzera egin duela azaldu du eta ohiko pazienteak hasi direla kontsultara itzultzen.
Zein da herrietan lan egitearen bereizgarria?
Lehen Mailako Arretan, pazienteak ezagutu egiten ditugu; badakigu zeintzuk dauden izen-abizenen atzean, eta hori da gure altxorra. Baina egia da horrek tokatzen zaiguna baino inplikazio handiagoarekin jokatzea ekartzen digula askotan. Pandemian, horri esker egin dugu aurrera: gure esfortzuagatik jarraitu du osasun sistema honek martxan.
Osasun etxera joaten diren herritarrek zer diote?
Egunero jasotzen dugun kexa da kontsultak telefonoz egiten direla, eta, aldi berean, ia ezinezkoa dela anbulatorioko langileek telefonoa hartzea. Eta egia da; hori da egoera. Telefonoz informazio asko galtzen da, eta guri ere inpotentzia handia sortzen digu jarduteko modu horrek. Ahotsa bakarrik entzunda, pertsona ezagut gabe, zein aurpegi duen jakin gabe, ikusi gabe, zaila da behar den moduan artatzea. Herritarrak nekatuta daude egoera honekin, eta gu ere bai. Askotan joaten naiz etxera pazienteengatik arduratuta. Dena den, uste dut hilabete hauetan herritarrek jakin dutela profesionalok egin dugun lanari balioa ematen. Akatsak egin ditugu, jakina, baina uste dut jendeak badakiela ahal dugun guztia egin dugula. Indarrean egon diren protokoloetara eta egoerara ahalik eta ondoen egokitzen ahalegindu gara. Baina kolapso egoerak ez digu utzi beste modu batera jarduten.
Aitor Montes: "Ia ezinezkoa izan da kontziliazioa urtebetean"
Aitor Montes bizkaitarra Aramaioko osasun etxeko medikua da. Pandemian, administrari eta arakatzaile lanak egin dituela azaldu du, eta horren eraginez, "alboratuta" geratu dela mediku baten ohiko jarduna.
Hilabete hauetan erreparatu zaio medikuen eta erizainen alderdi pertsonalari?
Osasun langileak pertsonak gara; ez gara itzaltzen botoi bati emanda. Gurasoak ditugu eta baita seme-alabak ere. Azken hilabeteetan guraso asko ikusi ditut arduratuta umeak etxean utzi eta lanera joan behar zutelako –beraiek txertatuta zeudelako–. Guk hasiera-hasieratik bizi izan dugu hori. Nire kasuan, sei asteko itxialdian ere bakar-bakarrik egon ziren bi semeak. Ama ere medikua dute, eta ia hilabete batez ez zuten ikusi. Urtebetean ia ezinezkoa izan da kontziliazioa kasu batzuetan. Guztiz isolatuta, bakarrik egon dira haurrak.
Hori izan da gogorrena zuretzat?
Bai, eta, horrez gain, ikusi dut nire ama ere guztiz abandonatuta egon dela. Ez du arreta medikorik izan, prozesu kroniko batek bere osasuna hondatzen zuen bitartean. Erreklamazioak egin ditugu, etengabe atzeratu den ebakuntza noiz egingo ote zioten galdetzeko. Adinekoen eta txikienen osasuna hondatzen ikusi dugu, maite ditugun pertsonena, eta ez dut inolako elkartasunik sumatu ez gizartearen eta ezta Osakidetzaren partetik ere. Olerki bat etortzen zait burura gertatutako guztia oroitzen dudanean: Goizeko esne beltza arratsaldean edaten dugu, eta arratsaldeko esne beltza gauez edaten dugu.