Gipuzkoako eta bailarako biztanleria jaitsi egin da

Uxue Igarza Loiola 2022ko urt. 22a, 10:00

2020tik 2021era Debagoieneko biztanleriak behera egin zuen –guztira, 323 herritar gutxiago zenbatu ziren–; halere, herri guztietako joera ez da bera izan: Aramaion, Aretxabaletan, Elgetan eta Eskoriatzan gora egin zuen populazioak.

2021eko uztailean erregistratutako datuaren arabera, 64.007 biztanle ditu Debagoienak; 2020ko uztailean baino 323 gutxiago. Halere, beheranzko joera hori azken urteko kontua izan da; izan ere, hamar urte atzera eginez gero, eskualdeak 63.411 biztanle zituen –egun baino ia 600 gutxiago–. Hala, esan daiteke 2011tik iaz arte gora egiten jardun duela zenbatekoak.

Pandemiak berak eragina izan dezake demografiaren beheranzko bilakaera horretan; nolanahi ere, ez dago, momentuz, azken horren lotura berresten duen datu edo baieztapen ofizialik. Pentsatzekoa da koronabirusak eragindako heriotzek eta bestelako ondorioek –migrazioa gutxitzea, langabeziak eragindako fluxu mugimenduak, herri txikietarako lekualdaketak...– datuan eragin dutela, baina ertz gehiagori erreparatzea komeni dela diote estatistiketan adituak direnek; esaterako, jaiotza-tasari. Bailarako bi datu ematearren, Elgetan lau haur jaio ziren 2021ean, eta bederatzi pertsona hil; hortaz, hazkundea negatiboa izan da. Gauza bera gertatu da Eskoriatzan ere: 21 izan ziren erregistratutako jaiotzak eta 37, aldiz, heriotzak.

Gipuzkoari dagokionez, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen eta INE estatu mailako zentroaren arabera, lurraldeak 2020an izan zuen azken hamar urteetako biztanle kopuru handiena (716.897), baina, era berean, azken urteetako heriotza kopuru handiena ere urte hartan erregistratu zen (7.738). 2021ean, 3.000 biztanle gutxiago zituen, eta lehen hiruhilekoan behera egin zuten heriotzek ere. Gipuzkoako datu ofizialik ez dagoen arren, Euskal Autonomia Erkidegoan %10,8 jaitsi ziren heriotzak iazko lehenengo hiru hilabeteetan.

Herrietan, gorabeherak

Bailarara bueltatuta, zenbateko orokorrak dio 2021ean 2020an baino 323 herritar gutxiago bizi zirela Debagoienean. Herriz herri aztertuta, baina, joera hori ez da leku guztietan errepikatu. Arrasaten, Bergaran, Oñatin, Antzuolan eta Leintz Gatzagan behera egin du populazioak lehenengo pandemia urtean; Eskoriatzan, Aramaion, Elgetan eta Aretxabaletan, aldiz, gora.

Azken hamarkadan ere demografiak bilakaera desberdina izan du bederatzi herrietan. Adibidez, Aramaiok, Antzuolaketa Arrasatek 2015ean izan zuten biztanleria-datu handiena; Leintz Gatzagak, 2011n; Bergarak, 2014an; Aretxabaletak, 2019an; Oñatik, 2020an; eta Elgetak eta Eskoriatzak, iaz.

Eta beste hamar urte atzera eginda, 2001ean, Arrasaten ikus daiteke aldaketa handiena: 23.367 biztanle zeuden eta iaz, 21.867. Kontrakoa gertatu da Oñatin: 10.757tik 11.428ra igaro dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak