Amurrion hasiko du ibilbidea 22. Korrikak martxoaren 31n eta Donostian bukatu apirilaren 10ean; 2.180 kilometro egingo ditu hamaika egunetan. Bigarren egunean iritsiko da lekukoa Debagoienera, apirilaren 1ean –egubakoitza– hain zuzen ere. Soraluzetik etorriko da Bergarara (11:59), eta handik, Arrasatera egingo du (12:57); Aretxabaleta (13:43) eta Eskoriatza (13:56) zeharkatuko ditu eta Leintz Gatzagatik Legutiorantz joango da gero, Araban sartzeko.
Ezagutzera eman duten ibilbidea oinarri hartuta Oñati, Antzuola, Elgeta eta Aramaiotik ez da pasatuko 2022ko Korrika.
Kilometroak erreserbatu
Kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dutela jakinarazi dute AEKtik. Horretarako honako telefono zenbakira deitu behar da: 946 464 000; edo helbide elektronikoz eskaera egin: gipuzkoa@korrika.eus.
Aplikazioa abian
AEKtik jakinarazi dutenez, Korrikaren aplikazioaren bidez ibilbidearen xehetasunak (ordutegiak, esaterako) eta ekimenaren beraren unean-uneko egoera kontsultatu ahal izango da. Aplikazio hori dagoeneko eskuragarri dago Android eta IOS sistema eragileen dendetan.
Hitzekin abestia
2022ko Korrika Hitzekin abestiak girotuko du. Sustrai Colinak sortutako hitzak Ane Garciak, Anarik eta Nerea Urbizuk abestu dituzte. Hiru Adin desberdineko emakumeak elkartu dituzte abesteko Nerea Urbizuren esanetan "gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko". Gaineratu du Colinaren balio "garrantzitsuak" bultzatzen dituela: "Ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea, beldurrak gainditzea…".