Joera aldaketa atzematen dela egoera epidemiologikoan adierazi du Gotzone Sagarduik

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 18a, 12:10

Datuek adierazten dutela joera aldaketa adierazi du Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Osasun sailburuak baina "zuhurtzia" eskatu du.

Froga asko egiten jarraitzen dutela adierazi du Sagarduik eta gaur jasotako datuen berri eman: 15.365 froga egin dira eta horietatik 5.502 positibo baieztatu dituzte. Ospitaletan, ostera, 717 lagun daude COVIDak jota –orain astebete baino 75 gutxiago– eta ZIUetan 131 gaixo –joan den martitzenean baino zortzi gutxiago–.

RO eta tasa 1aren azpitik dagoela jakinarazi du Gotzone Sagarduik eta intzidentzia metatuan beherakada ikusten dela, urtarrilaren 11n goia jo ondoren: "Joera adierazten duten adierazleak dira eta aldaketa atzematen da, baina zuhurtzia handiarekin hartu behar dira datuak. Kutsatu kopurua oraindik oso handia da, eta osasun sistema ere oso tentsionatuta dago". Ospitaletako datuei erreparatuta, ostera, zera esan du: "Egunero 70 gaixo inguru sartzen dira ospitaletan; joera aldaketa atzematen da baina oraindik gaixo asko dira".

Joera aldaketa horren arrazoien artean aipatu ditu Gabonen osteko interakzio jaitsiera, abenduaren 28an ezarritako neurriak eta protokoloaren egokitzapena. "Zaurgarrienak eta laguntza behar handiena dutenak artatzeko egokitu zen protokoloa eta fruituak ematen dabil. Antigeno probak gehitu egin dira eta emaitzak azkarrago ezagutzen ditugu". 

Protokoloari dagokionez www.euskadi.eus/koronabirusa webgunea eguneratu egin dela ere jakinarazi du: "Herritarrek informazioa modu argiagoan izan dezaten eta horien zalantzak argitzeko osasun etxera deitu beharrik izan gabe". Izan ere, bi astetan ia milioi bat dei jaso direla esan du, egunero 69.000 inguru.

Txertoa hartzeko 15.000 hitzordu atzo

Txertaketari dagokionez, 30 eta 39 urte artekoei hirugarren ziztadarako txanda hartzeko aukera zabaldu zitzaien atzo, eta 15.000 hitzordu baino gehiago eman zirela jakinarazi du. Txertaketa bultzatzen buru-belarri jarraituko duela Osakidetzak gaineratu du eta txertoa hartzearen garrantzia azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak