Gizarteari zerbitzatzeko erakutsitako borondateagatik nabarmendu diren pertsonaia, erakunde nahiz kolektiboei omenaldi "xume baina era berean zintzoa" eskaintzeko helburuarekin sortu ziren, 1989an, Sabino Arana Sariak. Geroztik, 180 omendu baino gehiago izan dira; besteak beste, Mondragon Korporazioa (1990), Euskaltzaindia (1994), Juanito Zelaia (2000), Aranzadi Zientzia Elkartea (2006), Juan Jose Ibarretxe (2009), Gureak Elkartea (2010) edota Euskadiko CEAR (2015).
33. edizio honetarako sei saritu izendatu dituzte: Amaiur Gaztelu elkartea, Luis Mari Bengoa kazetaria, CD Bidasoa kirol-elkartea, Luis Ugalde jesuita, Basque Culinary Center hezkuntza zentroa eta Aita Mari erreskate-ontzia. Eta modu zuzenean edota zeharka bada ere, azken hiru hauek Debagoienarekin zerikusia dute.
Errekonozimenduak
Fundazioko presidente den Mireia Zaratek eta idazkari den Ignacio Etxeberriak adierazi dutenez, Venezuelan "ekintzaile sozial eta erreferente moral zein politiko" izateagatik sarituko dute Luis Ugalde jesuita bergararra: "Erregimen venezolarrak egindako bidegabekeriak salatzen aritu den ahotsetako bat da".
Mondragon Unibertsitatearen gastronomia fakultate den Basque Culinary Centerri dagokionez, hamar urtean "nazioarte mailan erreferente" bihurtu izana azpimarratu nahi izan dute, "hezkuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta promozio gastronomikoan" egiten duen lana goraipatuz.
Izaskun Arriaran aramaioarra presidente den Aita Mari erreskate-ontziaz, berriz, "giza eskubideen alde egiten duen borroka nekaezina" azpimarratu nahi izan dute Sabino Arana Fundazioko arduradunek. "Eredu" gisa definitu dute gobernuz kanpoko erakunde euskaldunak egiten duen lana, misio bakoitzak "egungo migrazio-politika hutsalak gainditzeko premia dagoela" begi bistan uzten duela gehituz.