Mikel Etxezarreta: "Udaberri sarian txapela defendatu gura dugu"

Xabier Urtzelai 2022ko urt. 14a, 21:00

Mikel Etxezarreta, joan den domekan.

Joan den asteburuan hasi zuten Gipuzkoako Udaberri txapelketa. Iazko txapeldun Mikel Etxezarretak (Arrasate, 2001) ez du torneoa nahi moduan hasi: Unai Cagigasekin bikotea osatuta 22-21 galdu zuten Zumaiako Jon Iriondoren eta Ekaitz Alcantararen kontra. Baina egoerari buelta emateko asmoz daude. Asteburuan Oñatin izango dute hitzordua.

Ze sentsaziorekin hasi duzue txapelketa? 

Ba, partiduko emaitza ikusita, ezin esan oso ondo hasi garenik. Baina hasiera baino ez da, markagailuak erakusten du indarrak parean egon zirela, baina galdu egin genuen. Azkenaldian, justu samar nabil eskuetatik, Gabonetan ere ez dugu askorik jokatu, eta erritmoa hartzen joatea da asmoa. Bagabiltza horretan. Ekainean irabazitako txapela defendatzeko gogoz gaude, torneo polita egin nahi dugu eta pilotarekin gozatu. Azken batean, iazko Udaberri saria irabaztea ere ez zen aurreikuspenetan sartzen, sorpresa hartu genuen, baina lortu genuen, eta aurtengorako ere oso motibatuta gaude, egia esan.

Iaz, Aritz Rezustarekin irabazi zenuen txapela; orain, Unai Cagigasekin zabiltza jokatzen.

Bai, baina Aritz ere gurekin dago, Udaberri sarian ez du zertan beti bikote berberak jokatu, ordezkoak ditugu. Oraingo egubakoitzean, nik ezin dut partidura joan, Aritzek [Rezusta] eta Unaik [Cagigas] jokatuko dute. Ea partidu ona egiten duten.

Orain arte lortutako garaikur politena izan da Udaberrikoa?

Ba, seguruenik bai. Gogoan dut Arrasaten nengoenean, kadete mailan, Aritz Zubiarekin batera txapelketa bat irabazi nuela, eta oso oroitzapen polita daukat. Ez nago seguru hura ere Udaberri saria zen, ala Gipuzkoako txapelketa, baina Oñatin izan ziren finalak, 22-21 irabazi genuen.

Zelan erabakitzen duzue nork jokatu behar duen?

Torneo bat hastera doanean entrenatzailearekin egiten dugu berba. Ze konpromiso maila dagoen, zelan entrenatzen ari garen, zein den pilotarien momentuko maila... Txapelketetan guk ematen dugu izena eta halakoak izaten ditugu kontuan. Orain momentuan, bospasei pilotari gaude Udaberri jokatzen, baina, askotan, lan kontuak direlako, eskuetatik justu gabiltzalako edo bestelako konpromisoak ditugulako jendea ezin izaten da ondo entrenatu edo asteburuetan partiduetara joan. Horren arabera erabakitzen dugu zelan jokatu. Edo pilotarien mailaren arabera ere bai; azken batean, bikote parekatuak izaten ahalegintzen gara.

Hiru urte daramatzazu Bergarako klubean. Zeren bila joan zinen?

Akaso, Arrasaten falta nuen horren bila. Momentu batean, gainbehera moduko bat izan zen Arrasateko taldean, pilotari gutxi geunden, eta Bergarara joan nintzen motibazio bila. Orain momentuan, Bergaran zortzi pilotari inguru egongo gara senior mailan, eta gustura nago bertan, lagunak egin ditut.

21 urteko gazte batek zer eskatzen dio pilotari?

Pilotaz gozatzea. Gazte-gaztetatik egin dudan kirol jarduera da, etxean ere hori ezagutu dut, aita pilotan ibili zen, baita anaia ere... Eta bizitza osoa daramat frontoian sartuta. Nire egunerokoan oso presente daukat pilota.

Baina dagoeneko garbi duzue ez zaretela hortik biziko.

Bai, bai, hori beste kontu bat da, oso zaila da pilotan aurrera egitea. Torneoetan beste pilotari batzuk ezagutu, lagunekin jardun, ahalik eta ondoen jokatzen ahalegindu eta hobetzeko grina izatea hor dago, baina zoratu gabe. Hortik ez gara bizi izango, ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak