Bergarako aspaldiko obrarik handiena, ate joka

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko urt. 16a, 07:32
Lehen faseko lanek Zubieta kaleko zubiko zebra-bidetik Igartua bizikleta dendaren hasierarainoko tartea hartuko dute.

Bergarako Zubieta eta Masterreka kaleak berriro urbanizatzeko lanak bihar, urtarrilak 17, hasiko dira. Agintaldiko eta aspaldiko obrarik handiena da, 2.350.000 euroko aurrekontua duena; lanen "nahitaezko" kalteak arintzen saiatzeko neurriak iragarri ditu Bergarako Udalak.

Dena dago prest agintaldi honetako hirigintza obra esanguratsuena abiatzeko. Izan ere, Zubieta eta Masterreka kaleak berriro urbanizatzeko prestaketa lanekin aritu dira asteon, eta datorren astelehenean, hilak 17, hasiko dira makinak lanean Zubieta kaleko 5. ataritik –zubiko zebrabidea– 36. atarirainoko tartean –Igartua bizikleta denda–. Urte eta erdi beharko dira lanak gauzatzeko, eta hiru fasetan egingo dira. Fase bakoitzak sei hilabete irautea aurreikusten da.

Proiektu osoaren aurrekontua 2.350.000 euro ingurukoa da, eta hiru urteko udal aurrekontua baldintzatuko du; Zubieder enpresari adjudikatu zitzaion obraren exekuzioa, eta obraren zuzendaritza, berriz, Typsa enpresaren ardura izango da. Gorka Artola alkatearen arabera, "Udalaren aspaldiko hirigintza inbertsiorik handienetakoa" izango da: "Obra oso garrantzitsua da, duen kostuagatik eta herrirako ardatz handienetako bat den kalea berrituko delako".

Informazioa, "modu jarraituan"

Astelehenean auzotarrekin egindako azken bileran udal ordezkariek azpimarratu zutenez, obra garrantzitsua bezain handia da, eta herritarren egunerokoan eragina izango du, "ezinbestean". Kalte horiek ahalik eta gehien murrizteko, auzotarren ekarpenak aintzat hartu dira, eta obrak iraun artean Udalak konpromisoa hartu du informazioa "modu jarraituan" emateko.

Obraren eragina ahalik eta gehien arintzeko, askotariko neurriak aurreikusi dituzte. Zaratari dagokionez, legezko mugetan egon dadin, jarraipena egingo da. Lanak aste barruan eta ordutegi zehatzetan egitea aurreikusten da, baina, astebururen baten edo gauez emergentziaren batengatik lan egin beharko balitz, herritarrei jakinaraziko litzaieke. Gainera, fatxaden altxaera ere egin nahi du Udalak, obren eraginak neurtuta izateko, eta, horregatik, une honetan inork bere eraikinean pitzadurarik-edo detektatuta badu, Udalari jakinarazteko eskatu dute, jarraipena egin dezaten. Era berean, autoa obraren itxitura punturaino sartzeko aukera egongo da, Zubieta kaleko 38. atarian, eta bertan biragunea jarriko da; biragune horretan, auzotarrek hala behar dutenerako zamalanak egin ditzaten bi aparkaleku erreserbatuko dira. Eta garajeak erabiltzeko aukerarik ez denez egongo, garaje moduan erabiltzen diren lokalen ibi iraunkorraren ordainketa salbuestea aztertzen ari da Udala.

Udaletxeaz gain, bulegoa bertan

Zerbitzuei dagokienez, hondakinen edukiontziak Mugertza aldera hamabi bat metro mugitu dira. Herribusean ere izango da aldaketarik; Zubieta 38 parean, gutxi gorabehera, geltoki berri bat sortu da, autoendako biragunearen toki berean. Udaletik adierazi dutenez, Herribusean egindako aldaketa eraginkorra den ikusteko jarraipena egingo da, eta, moldaketarik egin behar bada, hala egingo dute.

Gainera, sarbidea bermatuko zaie anbulantzia, su-hiltzaile edo bestelako emergentzia zerbitzuei hala behar izanez gero. Auzotarrei galdetu zaie osasun arrazoiengatik, adibidez, anbulantzia kalera sartzeko beharra badute jakinarazi dezaten eta Udalak hori kudea dezan. Obrak eragindako trabak ekiditea ezinezkoa izango dela jakinda ere, iradokizunak, kexak eta oharrak udaletxeko Hirigintza Saileko bulego teknikora bideratu ahal izango dira, 943 77 91 38 telefono zenbakian; horrez gain, kontratistak bulegoa egokituko du Masterreka kaleko 16. zenbakian, eta bertan erreklamazio orriak egongo dira ekarpenak eta zalantzak argitzeko.

40 bat urte dituen eskaera

Eskaera historikoa da Zubieta-Masterreka ardatza berritzearena, Jose Sanchez bizilagunak gogoratzen duenez: "2015ean inplikatu nintzen ni proiektu honetan bizilagun moduan, baina, auzoko edadetuenek esaten digutenez, Carlos Garaikoetxea lehendakari izan zen garaian [1980-1985], ordurako eskatzen ari ziren kalea berritzea".

Ordutik hona apenas egin da interbentzio esanguratsurik, eta, beraz, "pozik" hartu dute lanak "behingoz" abiatuko dituztela: "Finantzaketa lotuta dago eta bai ala bai hasiko dira lanak. Hondeamakinen zaratekin dantza egin beharko dugu pozik gaudelako... Saiatu gara ahalik eta ekarpen gehien egiten, eta proiektua ez da denon gustukoa izango, irizpide teknikoetan oinarrituta dagoelako, baina garrantzitsuena da gauzatu egingo dela. Esan digute espaloiak aldizka irekiko dituztela une oro oinezkoen pasabideak bermatzeko, bypass-ak egon ahalko direla, emergentzia zerbitzuen sarbidea ziurtatuko dutela, edozein auzotarrek arazo bat izango balu bulego teknikora jotzeko esan digute... Etxe ondoan halako obra potolo bat izateak egunerokoa baldintzatuko du, baina ahalik eta ondoen eroaten saiatuko gara". "Pazientzia" eskatu dute Proiektuari jarraipena egingo dion Udaleko Hirigintza teknikari Edu Alvarezek pazientzia eskatu die herritarrei: "Errazagoa da esatea jasatea baino, hori argi dago. Baina pazientzia apur bat beharko dugu orain, gero denok eskertuko dugu eta; mereziko du, ziur".

Zubietako eskola zaharra.

Eskola zenak okupatuta segitzen du

Kontseilu Sozialista Deba Bailara kolektiboak 2020ko abenduaren 26an okupatu zuen Zubietako eskola zaharra, eta, ordutik egoera berean jarraitzen duela ikusita, EAJk EH Bilduren Udal Gobernuaren "gelditasuna" salatu du. Irune Galarraga bozeramaile jeltzalearen arabera, Udalean landu dute gaia: "Udal Gobernuaren erantzuna beti izan da egoera baloratu eta zegokion erabakia hartuko zela, baina, urtebete geroago, oraindik erabaki gabe dago eta Zubietako eskolak okupatuta jarraitzen du. Zer gertatuko litzateke egunen batean bertan zerbait gertatzen bada? Erantzukizuna Udalarena izango da, eta alkatea izango da horren arduradun bakarra, berak onartu baitu erabilera hori".

EAJk gogora ekarri du prozedurak bete gabe okupatu zela eraikina: "Bergaran badira Zubietako eskolako eraikinean interesa duten kolektiboak, baita lokal okerragoak dituzten beste talde batzuk ere". Hala, jeltzaleek Gorka Artola alkateari eskatu diote erabakiak har ditzala: "Erantzukizunez, gardentasunez eta administrazioak ezartzen dituen prozedurak betearaztea bermatuz".

Udal Gobernuak ez du gai horren inguruko adierazpenik egin nahi izan. Bestalde, Kontseilu Sozialista Deba Bailara kolektiboak bertan jarraitzeko asmoa agertu du: "Zubietako zentro sozialista antolakuntza komunistarako ezinbesteko azpiegitura da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak