2019ko urrian Bergaran egindako saioa "oso animatua" izan zela gogoratzen dute Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak. Bi urteren ostean, baina 2021. urteko kantuak hartzen dituen errepertorio berrituarekin, euskal kantagintza aztergai duen Hitzen ahairea ikastaroa urtarril amaiera bueltatuko da, Barandiaran eta Ruedaren eskutik.
Musika, historia eta kultura
Saioan parte hartuko duten herritarrekin batera, idazleen testuen eta kantarien eta poeten arteko harremanak aztertuko dituzte, baita zuzenean kantatu ere: "Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan? Zein alde dago historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazleen eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean? Zein zen kantaren funtzio soziala XX. mendean? Eta gaur egun?".
Transmisioaren hausturatik
Barandiaranek eta Ruedak azaldu dutenez, belaunaldi gazteenen artean euskal kulturaren transmisioak pairatutako hausturatik sortutako saioa da: "Zer ari da gertatzen euskal kulturarekin azken urteetan? Igartzen genuen euskalduna gero eta bere kulturatik urrutiago zegoela, eta dagoela, eta horren arrazoietako bat transmisioa ere badela, eten bat igartzen genuen. Horregatik, guk gure ekarpena egin nahi izan genuen, gure arloetatik, eta konturatu ginen hori baliatuta historia ere kontatu daitekeela".
Internetek, teknologiak eta sare sozialek herritarron bizitzan duten eginkizunaren garrantzia azpimarratu dute, eta bertan euskarak duen tokiaz hausnartzera gonbita egin dute.
Hiru saiotan eta berrituta
Jardunek antolatuta, hilaren 27an, otsailaren 3an eta 10ean izango da, Zabalotegi aretoan, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Prezioa 8 euro da Jarduneko bazkideentzat eta 10 euro gainontzekoentzat. Izen ematea: Errotalde jauregian, 943 76 36 61 telefono zenbakian edo jardunkultura@topagunea.com-en