Osasuna, ingurumena eta justizia soziala ardatz hartuta, Elikabizia erakusketa jarri du martxan Ausolan Fundazioak, Ausolan Taldearen irabazi-asmorik gabeko erakundeak. 8 eta 12 urte bitarteko ikasleen artean elikadura osasungarria, iraunkorra eta solidarioa sustatzea helburu, Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako hezkuntza proiektuko taldeekin elkarlanean osatutako esposizioa da.
Atzo hasi ziren ikasleen artean bizi ohitura osasungarrien eta iraunkorren hezkuntza bultzatzen, eta maiatzaren 11ra bitarte arituko dira zeregin horretan. Jatorri, mota eta kopuruen kudeaketa, azukre kontsumoaren murrizketa, etiketen irakurketa edota janaria botatzen saihestea izango dira, besteak beste, erakusketan landuko diren gaiak. Haurrak jomugan izan arren, "erakusketak eskola komunitate osoarentzako hezkuntza baliabide bihurtu nahi du", adierazi dute fundazioko lantaldeko kideek. Horregatik, familientzako gida bat ere diseinatu da, "ohitura osasungarriak hartzen laguntzeko funtsezko elementuekin".
4.000 ikasletik gora
Ibiltaria izango da Ausolan Fundazioaren Gozatu osasuna proiektuaren barruan dagoen ekimena; hots, EAEko eta Nafarroako hainbat ikastetxeetan egingo dira saioak datozen lau hilabeteetan. Bide horretan, 4.000 ikasletik gora arituko dira eskola ordutegiko saioetan zein jantokiko orduetan gaia lantzen.