Espainiako Osasun Ministerioko eta erkidegoetako ordezkariak biltzen dituen Osasun Publikoaren Batzordea bildu da gaur. Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak bilera ostean egin duen agerraldian bi erabaki berri eman ditu jakitera. Alde batetik, 40 urtez azpiko herritarrei hirugarren dosia jarriko zaiela baieztatu du; txertaketa kanpaina osoan egin bezala, adin-taldeka emango dira ziztadak, zaharrenetatik gazteenetara. Bestetik, bigarren eta hirugarren dosien arteko denbora tartea sei hilabetetik hirura laburtzea erabaki du batzordeak.
Ia erdiak
Bestalde, gaur eguneratu ditu Osasun Sailak txertaketa kanpainaren inguruko datuak, eta bi datu adierazgarri daude besteen gainetik. Lehena, 12 urtetik gorako EAEko herritarren ia erdiak (%48,9ak, zehazki) hirugarren edo errefortzu dosia jaso izana; bigarrena, berriz, 5 eta 11 urte arteko haurren ia erdiak (%48,6ak, zehazki) birusaren aurkako txertoaren lehen ziztada jaso izana. Bi erregistroak ia 4 puntuan hazi dira azken hiru egunetan.
Aldaketa gutxi
Aipatutakoez gain, datu orokorrei so eginez gero apenas egon da aldaketarik azken egunetan. Biztanleria osoa aintzat hartuta, %0,1ean hazi dira gutxienez dosi bat edota immunizazio osoa duten herritarren ehunekoak. Errefortzu dosiari dagokionez, 60 urtetik gorakoen artean 10 herritarretatik 9k jaso dute jada hirugarren ziztada (%90,5).
Adin-taldea | Dosi bat gutxienez | Immunizazio osoa | Errefortzu dosia |
>= 100 urte | %95,8 | %95,0 | - |
90-99 urte | %93,7 | %93,7 | %96,4 |
80-89 urte | %97,7 | %97,3 | %93,6 |
70-79 urte | %96,4 | %96,4 | %94,5 |
60-69 urte | %95,2 | %95,2 | %85,3 |
50-59 urte | %95,7 | %94,4 | %26,5 |
40-49 urte | %92,9 | %92,0 | - |
30-39 urte | %87,3 | %85,2 | - |
20-29 urte | %85,4 | %83,0 | - |
16-19 urte | %93,4 | %91,1 | - |
12-15 urte | %97,1 | %92,7 | - |
5-11 urte | %48,6 | %6,2 | - |
GUZTIRA | %93,1 | %91,9 | %48,9 |