Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2020ko martxoan indarrean jarritako itxialdia Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi zuen; ondorioz, eta legeak hala behartuta, tramitean zeuden isun guztiak artxibatu zituen Jaurlaritzak 2021eko iraila hasieran.
Urrian eman zuen jakitera Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburu den Josu Erkorekak Ertzaintzak eta EAEko udaltzaingoek lehen eta bigarren alarma-egoeretan jarritako isunak itzuliko zirela. Hiru salbuespenekin: Bilboko, Barakaldoko edo Gasteizko udaltzaingoek jarritako isunak. Kasu hauetan, Jaurlaritzak ez du zigorrak tramitatzeko eskumenik.
Bada, gaur bertan Erkorekak hedabide bati adierazi dionez, otsailaren 1ean hasiko da Jaurlaritza zigorrengatik ordaindutako dirua herritarrei itzultzen. Guztira, 8.392 isunetan bildutako 2.550.535 euro itzuliko ditu Segurtasun Sailak; 2020ko martxoaren 14aren eta ekainaren 21aren arten jarritako 5.417 zigorrena (1.652.366€), eta 2020ko azaroaren 9aren eta 2021eko maiatzaren 9aren artean ezarritako 2.975 isunena (898.169€).
Prozedura
Herritarrei ez zaie dirua modu automatikoan itzuliko; hots, Jaurlaritzak propio sortutako agiri sinple bat eskuratu, bete eta bidali beharko dute. euskadi.eus webgunean edota herritarren arretarako Zuzenean bulegoetan eskuratu beharko dute inprimakia. Bete ostean, lau bide izango dituzte agiria bidali eta ordaindutako dirua bueltan jasotzeko: digitalki euskadi.eus webgunera bidalita, edo fisikoki herritarren arretarako Zuzenean bulegoetan entregatuta, Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-administrazioetako edozein organoren erregistrotan aurkeztuta, edota posta ziurtatu bidez bidalita.