40 urtetik gorakoek errefortzu dosirako hitzordua eskatu dezakete

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 10a, 16:53

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian adierazi duenez, jada eskatu dezakete 40 urtetik gorako EAEko herritarrek errefortzu dosirako hitzordua. Txertaketa buletina ere argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Uneotan, 1.840.090 herritarrek jaso dute gutxienez dosi bat (%93,0), eta 1.816.793k dute, berriz, immunizazio osoa (%91,8). Hirugarren ziztada, aldiz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako %45,9ak jaso du; %89,5ak 60 urtetik gorako herritarren artean.

Errefortzu edo hirugarren dosia hartzeko aukera ari da, pixkanaka, adin-talde guztietara zabaltzen. Gaur goizean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian esan du 40 urtetik gorako herritarrek jada eskatu dezaketela ziztada osagarria hartzeko hitzordua. Ohi bezala, Osakidetzaren webgunearen bidez egin daiteke eskaera.

Ospitaleratzeko arriskua

Beste hainbat gairen artean, Sagarduik txertaketaren garrantzian jarri nahi izan du berriz enfasia, ospitaleratu eta ZIUetako egoera txertoen eraginarekin lotuz: "Txertatutako herritarrekin alderatuta, zortzi aldiz handiagoa da ospitaleratzeko arriskua txertatu gabeentzat; ZIUetan amaitzeko, berriz, hamabi aldiz handiagoa". "Ez dut pentsatu ere egin nahi zer zatekeen seigarren olatu hau egun dugun txertaketa tasarik gabe", gaineratu du.

Tasa, gora

Osasun sailburuak egun EAEn dauden txertatutako herritarrei egin die erreferentzia. Hots, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 1.840.090 herritarrek jaso dute gutxienez dosi bat (%93,0), eta 1.816.793k dute, berriz, immunizazio osoa (%91,8). 5 eta 11 urteko haurrei dagokionez, %44,1ak jaso du dagoeneko lehen ziztada. Errefortzu dosia, aldiz, biztanleria osoaren %45,9ak hartu du; %89,5eraino igotzen da tasa 60 urtetik gorako herritarren artean. Hona, zehazki, txertaketaren egoera adin-taldeka.

Adin-taldea Dosi bat gutxienez Immunizazio osoa Errefortzu dosia
>= 100 urte %95,8 %95,0 -
90-99 urte %93,7 %93,7 %96,1
80-89 urte %97,7 %97,3 %93,3
70-79 urte %96,4 %96,4 %94,0
60-69 urte %95,2 %95,2 %83,5
50-59 urte %95,7 %94,3 %22,4
40-49 urte %92,8 %91,9 -
30-39 urte %87,2 %85,0 -
20-29 urte %85,2 %82,7 -
16-19 urte %93,2 %90,9 -
12-15 urte %96,7 %92,2 -
5-11 urte %44,1 %5,5 -
GUZTIRA %93,0 %91,8 %45,9

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak