Euskal presoen eskubideen alde atera dira kalera debagoiendarrak ere

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko urt. 8a, 21:01

Sarek deituta, mobilizazioak egin dituzte herrietan euskal presoen eskubideen alde. Debagoieneko kaleetan ere batu da jendea. Kalera atera beharra dagoela adierazi dute eta legedia betetzea eta urrtas gehiago ematea eskatu.

Euskal presoen eskubideen alde urte hasieran Bilbon egin ohi duen mobilizazioa herriz herri egiteko erabakia hartu zuen Sarek, pandemiagatik, eta Debagoieneko herrietan bat egin dute deialdi horrekin.

Herritar askok hartu dute parte herriz herriko mobilizazioetan. Oñatin, Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Antzuolan, esaterako, manifestazioak egin dituzte eta Elgetan eta Gatzagan elkarretaratzeak; Aramaiokoak Arrasatekora batu dira. Ordu berean, 17:00etan, egin dituzte denak. Debagoienean bezalaxe, Euskal Herriko hainbat herrietan, 200 ingurutan, egin dituzte gaur mobilizazioak euskal presoen eskubideen alde.

Bide beretik jarraitzeko nahia

Goizean Sareko ordezkariek Bilboko Euskalduna jauregian ekitaldia egin dute, eta joan den urteko balorazioa egin eta 2021a "argi-ilunez betetako urtea" izan dela adierazi dute, "gauza batzuetan aurrera" egin dela baina "oraindik urratsak ematen jarraitu" beharra dagoela gaineratuz. Ildo beretik mintzatu da Sare Bergarako Aitor Aranzabal ere: "Preso erdiak inguru Euskal Herrian daude eta espero dugu 2022an bide berdinean pausu berak ematea eta denak Euskal Herrian izatea. Baina, adibidez, Bergarartuta dugun Lexuri Gallastegi Zueratik Alcala Mecora eraman dute Martutenera ekartzeko. Hor ikusten da euskal preso politikoekin zer nolako salbuespen egoerak bizitzen dituzten etengabe". Euskal presoak legedi arruntekin epaitzeko eskaera ere egin dute: "Orain arte egindako aurrerapena ez da nahikoa. Gatazka behin betiko konpontzea eta presoak etxean izatea da gura duguna eta 7/2003 legea, salbuespen legea, euskal presoak zigortzen dituena, bertan behera lagatzea. Legedi arruntarekin tratatu beharko lituzkete preso politikoak eta denak etxerako bidean jarri". Oñatin eta Aretxabaletan ere, esaterako, legea betetzeko eskatu dute. Oñatin, gainera, aipamen berezia egin diete Mirentxineko gidariei.

Gaurko mobilizazioek duten indarra sekulakoa dela ere esan du Aranzabalek: "Erakustea Euskal Herria euskal presoen eskubideen alde dagoela, sekulako indarra du. Negoziazio mahaietan asko ateratzea dago, baina kalean ez badugu astintzen, jai dugu. Garrantzia handia ematen diegu mobilizazioei".

Bailarako datuak

Euskal presoen artean bost dira debagoiendarrak: Marixol Iparragirre (Eskoriatza), Unai Parot (Arrasate), Garikoitz Garcia (Aretxabaleta) Joseba Arregi eta Gotzon Telleria (Oñati). Bergarako bikotea duten beste lau (Alicia Saez de La Cuesta, Lexuri Gallastegi, Oskarbi Jaurgi eta Aitzol Maortua) eta  deportatuak eta errefuxiatuak ere badira, 'Arbe', 'Peixoto' eta 'Aitto'. "Horrek pisu handia du. Lanean jarraitu behar dugu denak etxean egoteko. Eta horretarako politika ausartak ere behar dira", adierazi du Aranzabalek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak