2020an gorakada ikaragarria izan zuen Goiena.eus-ek, pandemiak zalantza barik eragin handia izan zuen eta tokiko albisteei inoiz baino balio handiagoa eman zieten herritarrek. Ez zen soilik Debagoienean gertatu, Tokikom-eko webgune guztiek hazkunde handia izan zuten.
2021eko datuak ez dira orduko zifretara heldu, baina azken urteetako joera aztertuz, Goiena.eus-ek goranzko joerari eutsi diola ikusten da. Hala, azken urtean webgunera egindako bisitak %34 igo dira 2019arekin alderatuta eta %62 2018arekiko. 2020ko datuei erreparatuz %13 egin dute behera saioek.
Bestalde, bisitatutako orrialdeei dagokienez, 2021ean 9.800.000dik gora ikusi ziren, eta, 2020an, 10.900.000 baino gehiago. 2019an, aldiz, 7.700.000 izan ziren, eta, 2018an 6.500.000.
2021n erabiltzaile fidelagoak
Noizean behineko erabiltzaile gutxiagok egin dute klik Goienaren albisteetan, eta, horrek eragin du erabiltzaile kopuruak behera egitea –585.000 erabiltzaile izan ditu webguneak 2021ean–. Halere, bakoitzak webgunera egindako bisita kopurua %10 igo da, hau da, erabiltzaileak sarriago sartu dira Goiena.eus-en; bisitari fidelagoak izan dira.
Bisita gehien jaso dituzten atalak
Koronabirusak nekea eragin du herritar askorengan, baina oraindik gaiari lotutako albisteak ikusienen artean kokatzen dira astero-astero. Hala, koronabirusari lotutako bi atal bereziak; Koronabirusa Debagoienean eta Koronabirusaren azken datuak (grafikoen orrialdea), urteko hamar orrialde ikusienen artean kokatzen dira. Ez hori bakarrik, 2020an baino bisita gehiago jaso dituzte.
Debagoieneko herriei dagokionez, urteroko moduan Oñatik lortu du lehen postuan. Ez hori bakarrik, %5ean egin du gora 2020arekin alderatuz. Jarraian, Bergara eta Arrasate daude, nahiko parekatuta; eta ondoren Aretxabaleta.
Gainerako orrialdeei dagokienez, zorion agurrak –bereziki jaiotzak– eta eskelak ere hamar bisitatuenen artean sartu dira. Eskelen orrialdeak %7 egin du gora 2021ean eta zorion agurrek datuak mantentzea lortu dute.