EAEn azken hamalau egunetako intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 4.898,55 kasutan dago, aurreko astetik 2.613 puntu gora egin duelarik. Datu horiek kontuan izanik Sagarduik adierazi du "kutsatze egoera txarrean" gaudela, eta denbora laburrean ez dutela joera aldaketarik aurreikusten.
Txertaketa
Haurren txertaketaren eta hirugarren dosiaren garrantzian jarri du fokua Sagarduik. 5 eta 12 urtekoen datuei dagokienez, %34,9k hartu du dagoeneko lehenengo dosi pediatrikoa. Eta jaso berri dituzten 36.000 dosiekin prozesua indartuko dela esan du. Gaineratu du azken astean lau haur ospitaleratu dituztela, "bi plantan eta bi ZIUetan".
Errefortzu dosiei dagokienez, 90 urtetik gorakoen %93,6k jaso du dagoneko hirugarren txertoa; 60 urtetik gorakoen %87,6k, eta, 40 urtetik gorakoen %57,2k. 45 urtetik gorakoen txertaketa atzo abiatu zuten.
Omicron aldaera nagusi
Momentuz EAEn Omicron zein Delta aldaerak, biak daudela esan du Sagarduik, baina "Omicronek hiru aste daramatza nagusitzen eta laster Euskadin dugun aldaera izango da. Hala ere, Deltak oraindik badu presentzia gurean".
Ospitaleetako egoera "txarrera"
Protokolo aldaketak lehen arretako tentsioa "apur bat" arintzea ekarri duela zehaztu du Sagarduik, baina oraindik egoera ez dela ona azpimarratu du. Horretan lagundu du, sailburuaren hitzetan, hainbat esparrutan "prozesuak automatizatu izanak", hala nola, lanerako bajak online eskatzeko aukera, edota "pertsonala indartzeak", bereziki esparru batzuetan. Horrez gain zehaztu du Osakidetzako langileen %4 dagoela laneko bajarekin koronabirusa dela eta.
"Txertoa hartu ez duten pertsonek ZIUetan sartzeko hamabi aldiz aukera gehiago dituzte"
Ospitaletako egoerak txarrera egin du. Sailburuak esan duenez, 567 pertsona daude ingresatuta une honetan; duela astebete 357 ziren. ZIUei dagokienez 132 lagun daude orain, joan den astean 111 ziren. Hala, ZIUetako 302 oheetatik %44,3 daude beteta. Bestalde, atzo 105 ospitaleratze egon ziren.
Egoera ona ez izan arren, txertaketak asko lagundu duela esan du, eta oraindik txertoa jaso ez dutenei hitzordua eskatzeko deia egin die: "Berriz diot, txertoa hartu ez duten pertsonek zortzi aldiz aukera gehiago dituztela ospitaleratzeko, eta ZIUetan sartzeko hamabi aldiz gehiago".