Argazki asko dituen egutegia da Garagunek atera duen hau. Hilabete bakoitzak argazki bat du eta badago beste argazki sorta bat ere egutegiaren azken orrietan. "Beraiek ere badituzten baina besteoi ahaztu egiten zaizkigun eskubideak jaso ditugu argazki horietan. Adibidez, gauzak ondi adierazteko eskubidea. Igogailu bat matxuratuta baldin badago, askotan testu baten bidez adierazten da hori, baina marrazki batekin, irudi batekin, adieraztea ere gaizki ez, askorendako errazagoa da eta irudiak ulertzea testua baino. Informazio ulegarria izateko eskubidea dute".
Garaguneko hezitzaileetako batek Oñatiko kultura etxean egindako egutegiaren aurkezpenean jarritako adibide bat da hori. "Pribatitatearen eskubidea ere behar dute. Esaterako, takilletako giltza beraiek ere izatea. Espazio edo ondasun pribatuekiko errespetua izatea. Edo gorra edo itsua den pertsona batek berak ondo jasoko duen kanal batetik ematea informazioa".
Aniztasuna errespetatzen duten kiroletarako sarbidea, bizitza autonomoa lortzeko tresnak ematea edo norberaren herriko kulturaren parte izateko eskubidea dira, esaterako, egutegian datozen beste adibide batzuk.
Egutegi hauek Debagoieneko herrietako espazio erabilietan jartzea da Garaguneren proposamena –ikastetxeak, kiroldegiak, kultura etxeak...– "jendeak kontzientzia izan dezan".
Argazkietan agertzen direnak, Nikaraguako lagunak dira. Garagunek proiektu bat du hango elkarte batekin, eta hango egoiliarrak, erabiltzaileak, dira egutegi honetako argazkietan agertzen direnak. Aurten badute asmoa erakusketa bat jartzeko hango elkartearekin duten harremana azaltzeko. Oñatin ere egongo da ikusgai.