15.000 kutsatuko langara iristear amaituko da urtea

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 30a, 17:44

2020ko martxoaz geroztik, 14.798 positibo atzeman dira bailaran, horietatik 10.315 izan dira 2021ean. Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken asteak izaten ari dira pandemiako makurrenak positibo kopuruei dagokionean; hots, atzo 771 kasu hauteman ziren Debagoienean, 1.251 azken hiru egunetan, 2.158 azken zazpietan, eta ondorioz, intzidentzia-tasa 4.917,53an da. Uneotan, 455 herritar daude EAEko ospitaleetan, eta horietatik 115, berriz, ZIUetan.

Datuek argi adierazten dute positibo kopuruen gorakadak ez duela etenik. Horren adibide, pasa den asteko positibo kopurua pandemia osoko altuena izan bazen (1.456), aste honetako lehen hiru egunetan ia aurreko zazpi egunetan beste kutsatu zenbatu izana bailaran (1.251). Aipagarria eguaztenean atzeman ziren kasu kopurua: 771. Gisa horretara, eta urteko azken bi egunetako datuen faltan, ia 15.000 debagoiendarrek harrapatu dute birusa 2020ko martxoaz geroztik, eta 10.000tik gora izan dira 2021 honetan kutsatu direnak.

Herriak Astelehena Martitzena Eguaztena GUZTIRA
Arrasate 82 91 223 396
Bergara 26 65 181 272
Oñati 58 41 156 255
Aretxabaleta 22 39 110 171
Eskoriatza 10 13 43 66
Antzuola 5 8 34 47
Aramaio 1 13 10 24
Elgeta 2 4 10 16
Leintz Gatzaga 0 0 4 4
GUZTIRA 206 274 771 1.251
  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

1.361 puntu gehiago

Astelehenetik eguaztenera bitarteko erregistroek eragin zuzena izan dute intzidentzia-tasan. EAEko tasa orokorra 2.976,39an da, eta bailarakoa ia 2.000 puntu gainetik da (4.917,53an, zehazki). Debagoieneko bederatzi herriak daude EAEko tasaren gainetik; Bergara da gertuen dagoena, ia 1.000 puntu gainetik izan arren (3.870,71), eta Oñati, bestetik, gertuago da datua hirukoiztetik bikoiztetik baino (7.595,05).

Made with Flourish
 

Ospitaleratuak ere gora

Kasuen abiadura berean ez bada ere, EAEko opsitaleetan duden herritar kopuruak ere goranzko joera du. Domekan 381 pertsona zeuden erietxeetan, eguaztenean, aldiz, 455. Zainketa Intentsiboen Unitateetan, berriz, 110 herritar zeuden aste hasieran; 115 atzo.

Adinekoen egoitzetan, 50 kasu berri

Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako datuen arabera, probintziako adinekoen egoitzetan 50 positibo hauteman dira azken hiru egunetan; bakar bat ere ez da izan, baina, bailarako egoitzetan.

Horrez gain, aipatu behar astelehenean Bergarako Mizpirualdeko (4), Arrasateko Iturbideko (2) eta Oñatiko San Martingo (2) egoitzen artean 8 egoiliar zeudela kutsatuta. Bada, 5 dira uneotan aktibo dauden kasuak, Bergarako bi egoiliar zein Arrasateko bat sendatu gisa izendatu baititu Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak