Astetik astera gora doaz txertaketa datuak Euskal Autonomi Erkidegoan. Orotara, 1.832.193 herritarrek jaso dute Covid-19ari aurre egiteko lehen txertoa, eta horietatik %98,8ak du immunizazio osoa; biztanleria osoari erreparatuta, %92,6ak jaso du dosi bat gutxienez, eta %91,5ak pauta osoa. Pasa den asteko datuekin alderatuta, %0,3an igo dira bi erregistroak.
Errefortzu ziztaden zein haurren txertaketa kanpainaren datuek, baina, bilakaera esanguratsuagoa izan dute azken egunetan. Pasa den astean hasi ziren 55 eta 59 urte arteko eta lehen bi dosiak Astrazeneca markakoak hartu zituzten herritarrak txertatzen; uneotan, biztanleria osoaren %37,6ak jaso du hirugarren ziztada. %84,5ekoa da datua 60 urtetik gorakoen artean, eta %12,3koa, aldiz, adin horretatik beherakoetan. 5 eta 11 urte arteko haurren txertaketa kanpainari dagokionez, %24,3ak jaso du lehen ziztada Osasun Sailak emandako datuen arabera, eta 14 puntutan hazi da ehunekoa azken astean.
Gazteen artean, gorakada
Datu orokorrei dagokionez, eta adin-taldeei erreparatuta, apenas izan da aldaketarik 40 urtetik gorako biztanleen artean. Hortik behera, eta modu apalean bada ere, goranzko joeran jarraitzen dute erregistroek; hots, astebetean %0,5ean hazi da immunizazio osoa duten 30 eta 39 urte artekoen datua, eta %0,7an, berriz, 20-29, 16-19 zein 12-15 arteko adin-taldeena.
Adin-taldea | Dosi bat gutxienez | Immunizazio osoa | Errefortzu dosia |
>= 100 urte | %95,8 | %95,0 | - |
90-99 urte | %93,6 | %93,6 | %95,2 |
80-89 urte | %97,6 | %97,3 | %92,3 |
70-79 urte | %96,3 | %96,3 | %91,8 |
60-69 urte | %95,1 | %95,1 | %74,3 |
50-59 urte | %95,5 | %94,1 | - |
40-49 urte | %92,5 | %91,6 | - |
30-39 urte | %86,5 | %84,5 | - |
20-29 urte | %84,2 | %81,8 | - |
16-19 urte | %92,4 | %90,2 | - |
12-15 urte | %95,3 | %91,1 | - |
5-11 urte | %24,3 | %2,8 | - |
GUZTIRA | %92,6 | %91,5 | %84,53 |