Jaurlaritzari egin beharreko ordainketak Bizum edo Wallet bidez egin daitezke

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 26a, 09:50

Abenduaren erdialdean jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak herritarrek Bizum eta NireOrdainketa Wallet aplikazio mugikorren bidez ordainketak egiteko aukera. Tasak, isunak, matrikulazioak zein bestelako ordainketa-agindu elektronikoak "modu erraz, seguru eta jasangarrian" ordaindu ahal izatea da Jaurlaritzaren xedea, "edozein pertsonak edozein lekutatik eta edozein unetan" administrazio publikoarekin duen zorra kitatu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak aplikazio mugikor bidez egiten diren bi ordainbide berri gehitu ditu bere ordainketa aukeretara: Bizum eta NireOrdainketa Wallet. Tasak, isunak, ziurtagiriak, matrikulazioak edota euskal administrazio publikoari egin beharreko bestelako ordainketak "modu erraz, seguru eta jasangarrian" bideratu asmoz, abendu erdialdetik daude erabilgarri bi aukerak.

Bizum-en erabilera

Jaurlaritzak prentsa ohar bidez adierazi duenez, joan-etorriak ekiditea eta ordutegien menpe ez egotea ahalbidetuko die herritarrei, "edozein leku eta unetan" administrazio publikoarekin duen zorra kitatzeko aukera emanez. Beren hitzetan, "edozein motatako ordainketetarako aukera hau" ematen duen Estatuko autonomia erkidego "aitzindarietakoa" da Euskal Autonomia Erkidegoa.

Kutxabank-ek egokitutako plataformaren bidez, jarraitu beharreko prozedura beste finantza erakunde batzuen txartel bidezko ordainketa eragiketa baten "oso antzekoa" da Jaurlaritzaren hitzetan. Lau urrats ditu prozesuak. Lehenik, ordainagiria identifikatzen da ordainketa pasabidean; gero, finantza erakundea aukeratzen da; ostean, dirua kargatuko zaion erabiltzailearen telefonoa sartzen da; eta azkenik, gako bidez ordainketa ahalbidetzen da. Adierazi dutenez, "aurki espero da" udalek ere ordainketak errazteko sistema hau baliatzea.

NireOrdainketa Wallet-en erabilera

Erabiltzaileak mugikorrean kreditu edo zordunketa txartel bat erregistratu behar du; token edo izengoiti bat sortzen da zuzenean aplikazioan, eta erabiltzaileak inoiz ezin izango du txartelaren zenbakia, iraungipena edo beste edozein datu ikusi. Behin lehen erregistro hori eginda, aplikazioa ireki eta bertan sortutako tokenarekin ordainagiriaren barra-kodea edo QR kodea irakurriz egiten dira ordainketak. 30 eurotik beherako ordainketak "klik bakar batera sinplifikatzen dira", eta 30 eurotik gorakoetan, aldiz, "entitatearen autentifikazio mekanismoak jarraitu behar dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak