Arte biziak dinamizatzeko ekimena da Beste bat berritzen programa. Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro bideratu ditu EAEko herrietan askotariko kultura diziplinak sustatzera –1,3 milioi zuzeneko arte ikus- kizunetarako eta 200.000 euro Europako eta Latinoamerikatako zinema bultzatzeko–.
Bailarako hainbat udalek bat egingo dute ekimenarekin, eta zinema, dantza, bertsolaritza, kontzertuak nahiz antzerki emanaldiak eskainiko dituzte laguntza horien baitan. Baldintzetako bat da astelehenetik eguenera bitartean programatu behar direla emanaldiak –20.000 biztanletik beherako herrietan izan ezik; horietan, asteko edozein egunetan programatu ahal izango dituzte-eta–. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, COVID-19ak eragindako osasun egoerari aurre egiteko ezohiko laguntza deialdia da eta helburu argia du: "Zuzeneko arteen eta zinemaren programazioa areagotzea, sektoreko eragile guztien –sortzaileak eta talde eszenikoak eta musikalak, eta, batez ere, programatzaileak– jarduera profesionalean eragiteko".
Antolatutako ekintzak 2022ko martxoaren 31ra bitartean gauzatu beharko dituzte udalek.
Bailarako bultzada
Arrasate, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek bat egin dute ekimenarekin. Arrasateko Udaleko Kultura teknikari Karmelo Alberdik kultura sustatzearen helburuari eman dio balioa, baina ekintzak aste barruan egin beharrak agian desabantaila ekar lezakeela ere badio: "Herri handietan aste barruan egin behar dira ekintzak eta zenbait baldintza bete behar ditugu. Ikusi egin beharko da zein harrera izango duten. Egia da iazko programak asko lagundu zuela. Itxialditik irten berri eta edukiera ere mugatuta zegoen orduan. Guk antolatutako ekintza guztiek harrera oso ona izan zuten. Izen potenteak ekarri genituen: Eñaut Elorrieta, Sara Sozaya, Nogen... Erantzuna oso ona izan zen". Orain, aldiz, jaitsiera bat sumatu dutela aitortu du: "Eskaintza handiagoa dago eta ikusleen aldetik igarri dugu jaitsiera ikuskizun gehientsuenetan. Une honetan daukagun egoerarekin, are okerrago. COVID ziurtagiria-k ere zenbait atzera bota du. Hala ere, guk jarraituko dugu kultura bultzatzen eta ekintzak antolatzen". Hala, urtarrilaren 10ean, Txanogorritxotik otso emera (sei mutil edo) antzezlana izango da ikusgai; otsailaren 15ean, berriz, Alos Quartet eta Kimua Kolektiboaren emanaldia; martxoaren 1ean, Potx eta Lotx pailazoak etorriko dira; eta martxoaren 7an, Amua ikuskizuna eskainiko da Arrasaten.
Eskoriatzako Udalak ere bat egingo du askotariko diziplinak bultzatzen dituen programarekin, eta eskaera egiterakoan hori kontuan izan duela kontatu du Arantxa Unzueta Kultura teknikariak: "Hainbat diziplina jasotzen dituen eskaera egin dugu: antzerkia, musika, dantza eta bertsolaritza, hain zuzen". Egitarau horren baitan, hurrengo ekintza abenduaren 26an izango da: Eñaut Elorrietaren emanaldia. "Oso laguntza ona da herri txikiendako, ez baitugu aurrekontu handia; baita artistendako ere", dio Unzueta Kultura teknikariak.
Zinema, indartuta
Oñatiko Udaleko Kultura Sailak, berriz, Europako eta Latinoamerikako zinema sustatzeko – euskaraz– bideratuko du laguntza. "Arte eszenikoen eta zuzeneko kontzertuen emanaldien lehen hiruhilekoa antolatuta geneukan, baina zinemarako aprobetxatuko dugu laguntza", azaldu du Kultura teknikari German Meabebasterretxeak.
Gaineratu du ahal den heinean dirulaguntzarekin "bat egiten eta aprobetxatzen" saiatu direla. "Bestela ere, Oñatik programazio oso aberatsa dauka, bai Udalaren aldetik, eta baita ere herriko eragileen partetik. Hau pizgarri bat izan daiteke, baina gure aldetik bestela ere ari ginen ekintzak programatzen".