Pasa den astean Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzak Gabonetako ospakizunetarako gomendio sorta bat argitaratuko zuela iragarri zuen. LABIren batzorde teknikoak egin eta Lehendakariak berak hobespena eman ostean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman ditu jakitera gaur aipatutako aholkuak.
Ospakizunetarako gehienez ere hamar pertsonako eta bi familia unitateko "talde egonkor eta txikia" sortzea gomendatu du, baita gisa honetako ekimenetan plater eta edalontziak ez partekatzea zein besarkadak eta antzeko ekintzak saihestea ere.
Ohiko ekitaldi gisa izendatu daitezkeen desfile, jai, azoka, ekitaldi erlijioso eta antzeko jaiei zein enpresa otordu eta kotilioi bereziei dagokionez, topaketak saihestea gomendatu du Sagarduik; bide horretan, ikastetxe, gurtza leku eta merkataritza guneetan "zuhurtziaz jokatzeko" eskatu du. Herritarrei dei zuzen bat egin nahi izan die, "nork bere burua mugatzeko eta arduraz jokatzeko" eskatuz.
Horrez gain, eta "printzipio orokor" gisa, erakunde antolatzaile publiko eta pribatuei eskatu die "ez dezatela antolatu, sustatu edo parte hartu bete beharreko gutxieneko segurtasun- eta prebentzio-neurriak bete ezin diren ekitaldi kolektiboetan".
Ohiko prebentzio neurriak
Horrez gain, ohiko prebentzio neurriak ere gogorarazi nahi izan ditu Osasun sailburuak. Hala, barruko espazioetan eta gutxieneko distantzia mantentzea ezinezkoa den kasuetan musukoa erabiltzea, espazio itxiak aireztatzea, metro eta erdiko distantzia mantentzea edota eskuak sarri garbitzea aholkatu du.