Juan Jose Ibarretxe, Nekane Balluerka, Iñaki Goirizelaia, Sagrario Aleman, Laura Mintegi, Garbiñe Aranburu, Garbiñe Biurrun, Olatz Salvador, Ximun Fuch, Jon Maya Sein... eta ehun arte. Gure Eskuk bultzatutako eta Euskal Herriko "gehiengo sozial bat" ordezka dezaketen "erreferentziazko" 100 norbanakok sinatutako Arantzazuko Adierazpena aurkeztu zen zapatuan, Arantzazuko Gandiaga Topagunean bertan.
Pilar Kaltzada eta Andoni Aizpuru kazetari eta sinatzaileek jarri zieten ahotsa adierazpenak jasotako hitzei. "Burujabe izatea aurrez-aurre ditugun eraldaketa eta erronkei eustea da: inplikatzea, konprometitzea eta erabakitzea". Telesforo Monzon laborategiak egindako Naziometroa ikerketako datuen arabera, hamar euskal herritarretatik zazpi erabakitzeko eskubidearen alde daude; ondorioz, burujabetzarako bidean "jauzi" bat egitea "gure esku dago" sinatzaileen hitzetan, "erabakitzeak egiten gaituelako nor, eta elkarrekin erabakitzeak, herri".
Erreferenduma jomugan
Herriari hitza emateko garaia dela aldarrikatu dute, "edo beharbada, herritarrok hitza hartzekoa". Euskal herritarrek erakunde politikoak, estatus politikoa eta autogobernu maila zein lurraldeen arteko harremanak "zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea" dutela adierazi zuten; mundu mailako gainerako nazioek bezala, "gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu". Ondorioz, "erabakitzeko tresnak" herritarren eskura jartzeko aldarria jasotzen da adierazpenean, berariaz erreferenduma aipatuz.
Hiru "jauzi", hiru esparrutan
"Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da". Eragile, erakunde eta herritarrei egiten die erreferentzia zuzena adierazpenak, bidea elkarrekin egin behar dutela adieraziz. "Jauziak", baina, esparruaren araberakoak izan behar direla diote; eragileei inplikazioa eskatu diete, erakundeei "herritarren borondatea aintzat hartuz" erabakitzeko eskubidea instituzionalizatzea eta lege bilakatzeko konpromisoa hartzea, eta herritarrei, aldiz, "herri gogoa errealitate bilakatzeko" lana egitea.
Ondorioz, etorkizuna erabakitzeko "prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra" aldarrikatzen du Arantzazuko Adierazpenak. "Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta kate-begi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz. Erabakian gara, bidean gaude".
Hona Arantzazuko Adierazpena eta ehun sinatzaileen zerrenda.