Debagoieneko herrietan dagoeneko Gabon giroa sumatzen hasia da. Izan ere, Gabonak ate-joka ditugun honetan, kaleak alaitzeko eta biziarazteko gogoa nahiz ilusioa egon badago. Baita bertako komertzioak sustatzekoa ere. Hala, herri gehientsuenek piztu dituzte Gabonetako argiak, eta urtarrilaren 7ra arte piztuta edukiko dituzte. Argiteriarekin batera, musika ere protagonista izango da Gabonetako egun horietan.
Erakusleiho dotoreak
Giro horren indargarri dira egunotan komertzioek apaindu dituzten erakusleihoak. Erakusketez gain, lehiaketak ere antolatu dituzte herrietako udalek eta merkataritza elkarteek elkarlanean: Oñatin, 19 erakusleihok parte hartu dute –gaur 18:00etan sari banaketa– ; Arrasaten, 26k –hilaren 19a da botoa emateko azken eguna–; Bergaran, 10 erakusleihok –bozkatzeko epea amaituta dago–; Aretxabaletan, lehiaketa irekia da eta aretxabaleta.eus-en eman dezakete botoa herritarrek. Eskoriatzan, berriz, Udalak material birziklatuekin egindako Gabonetako apaingarrien lehiaketa antolatu du. Apaingarriek jarrita egon beharko dute abenduaren 19ko 14:00etarako, eta Gabonetan egongo dira ikus- gai, urtarrilaren 7ra arte. Epaimahaiak abenduaren 19 eta 21 bitartean baloratuko ditu herri- gunean zehar ezarritako lan guztiak. Sariak abenduaren 22an jakinaraziko dituzte.
Tokiko erosketei balioa ematea
Tokiko erosketak sekula baino beharrezkoagoak diren honetan, bonuen laguntza eta bultzada oso garrantzitsua izan dela dio- te bailarako komertzioek. Aurtengo kanpainan iaz baino ko- puru txikiagoa bideratu bada ere, komertzioei bultzada eman die bonuen kanpainak.
Arrasateko Zarraoa perfume eta osagarrien dendako hirugarren belaunaldikoa da Miren Gallastegi; 76 urte daramatza herritarren konfiantzazko saltoki izaten. Online erosketek min handia egin dietela aitortu du, eta erosketa bonuek arnasa hartzeko balio izan dutela dio. Gabonetako kanpaina betean, koronabirusaren egoerari lotu- ta dagoela salmentan ere badio: "Kanpainaren hasiera nahiko ona izan da; esango nuke herritarrek aurreratu egin dituztela Gabonetako oparien erosketak. Egia da une honetan lasaiago gaudela, baina datorren astean, azken orduko erosketak medio, salmenta handitzea ere espero dugu. Agian, erosketak aurreratzearen erabakia COVID-19ak baldintzatu die herritarrei. Internet bidez erosketa asko egiten dira oraindik, eta herrian eros- teko kontzientzia ez da horren handia; Gasteizerako joera dago. Baina bonuek asko lagundu dute; goxoki bat da herritarrendako eta edozein dendatara sartzera animatzen ditu".
Bergarako Jo'ka jantzi dendako Ainhoa Garitanok ere kanpaina "polita" izaten ari dela adierazi du: " Egia da COVID-19aren egoerak asko baldintzatu duela jendearen aldartean. Egoera hobea zenean, urri-azaro hasieran, erosketa gehiago egiten ziren. Egia da orduan kaleratu zirela ere eros- keta bonuak eta bultzada aparta izan dela. Orain, pixka bat gehiago frenatu da salmenta. Euri-jasek ere erosteko gogoa mugatu egin dutela dirudi, eta abenduko zubian jendea kanpora joan dela ere sumatu dugu.
Aste honetan, aldiz, eguraldiagatik-edo hasi da mugimendu pixka bat. Kanpainako azken txanpan sartuta gaude eta, ea herritarrak animatzen diren azken bultzadatxoa ematen". Bestalde, herrian erosteko kontzientzia oraindik ere ez dela guztiz errotu dio Garitanok, eta belaunaldi gazteek "online eta fast fashion-aren alde" egiten dutela dio "kantitatea hobetsita eta kalitatea baztertuta", hain zuzen ere.
Olentzero eta Mari Domingi
Aurten ere, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera koronabirusak baldintzatuta dator, baina, moldaketak moldaketa, oraingoz, eutsi egingo zaio. Ber- garan, abenduaren 24ko iluntzean azalduko dira kalean, baina ez goizean; Arrasaten, 18:15ean Musakolatik abiatuko dira; Oñatin, 12:30ean kalejira egingo dute; Aretxabaletan, berriz, 18:30ean kiroldegitik irtengo dira; Eskoriatzan 17:00etan Apotzagatik jaitsiko dira; Antzuolan, berriz, 18:00etan San Josetik udaletxeko balkoira joango dira aurten, plazan geldialdia egin gabe. Aramaion 18:00etan Sastiñan, eta Elgetan, hilaren 23an, 18:30ean Salbadorretik jaitsiko dira.