(E)ta berriro egin korrika zurekin, arantzak erauzteko elkarren ederrez. (E)ta berriro egin mundua zurekin, beti baitago norbait hitz ekiteko prest, dio Sustrai Colina urruñarrak idatzitako hitz sortaren errepikak. Nerea Urbizu zuzendariaren hitzetan, "ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea zein beldurrak gainditzea" ditu helburu HitzEkin abestiak, Korrikaren 22. edizioaren doinuak, alegia.
Urbizuk berak, Ane Garciak eta Anarik jarri diote ahotsa aurtengo melodiari. Bideoklipaz, aldiz, Tripulante Produce ekoiztetxeko Eymard Uberetagoena arduratu da. Atzo Iruñeko Golem Baiona aretoan egindako aurkezpenean, hitzen zein irudien bidez "helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzea" izan dutela helburu adierazi zuen Urbizuk, ikus-entzunezko bakarrean "hainbat istorio" bilduz.
Amurriotik Donostiara
HitzEkin lelopean, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo da 22. Korrika. Amurrio izango da abiapuntua, eta lekukoa ehunka herritarren eskuetatik igaro ostean, Donostian amaituko da ekimena hamaika egun geroago. Datozen asteetan iragarriko dute ibilbide zehatza.
Horrez gain, abenduaren 3an iragarri zituen AEK-k edizio honetako omenduak: Pirritx, Porrotx eta Marimotots (Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez) pailazo-hirukotea. Urtarrilaren 7an Gure Zirkuak Tolosan izango duen karpan jasoko dute omenaldia.