Pandemiaren eraginak berbagai bailarako kirol eragile ugariren ahotan

Hasier Larrea 2021ko abe. 17a, 09:22

Arantzazulab-en izan diren Oñatiko Kirol Solasaldietan euren alea jarri duten partaideak, talde-argazkian.

Joan den zapatuko Oñatiko kirol Solasaldietan agerian geratu zen albokalte ugari sortu dituela pandemiak herri-mailako kirolariengan. Goiena Telebistak emitituko ditu gaur, 21:00etan hasita, profil ezberdinetako eragileekin osatutako hiru solasaldiak.

Oñatiko Kirol Sarien ordez Oñatiko Kirol Solasaldiak egin dituzte bigarren urtez jarraian. Arantzazulab-en egin dute jardunaldia oraingoan, eta, Aratz Losadak gidatuta, hiru solasaldi izan dira. Lehenengo bi mahai-inguruak herri mailako ikuspuntutik jorratu dituzte, bakarka zein taldeka aritzen diren kirolariek egungo egoera nola bizi duten jakin nahian.

Profesionalen betaurrekoak

Azken berbaldian, kirolaren begirada orokor bat partekatu dute, nork bere esparrutik, Alberto Garai kirol medikuak, Ilargi Gorostegi jarduera fisikoko irakasle eta doktoreak eta Aritz Olagoi kirol psikologoak.

Lehen interbentzioetan, 2020ko udaberrira egin dute atzera. Garaik gogoan du konfinamendu ostean nola bilakatu ziren "autobide" mendibideak eta bidegorriak, eta, era berean, zeinen "desanimatuta" zeuden kirolari federatuak: "Gu, gehienbat, kirolari horiei osasun azterketak egitetik bizi gara, eta, ondorioz, lan gutxi eduki genuen lehiaketak bere onera itzuli ziren arte. Orduan, erabaki genuen gelak aireztatzea eta kirolariek esfortzu probak maskara gabe egitea, beste modura oso baldintzatuta zeudelako".

Izan ere, jakina da proba horietan malgutasun eta mugikortasun ariketak, korrikaldiak eta bizikleta saioak egiterakoan lehenago iristen dela nekea maskararekin, tolerantzia eta erresistentzia gutxiago duelako kirolariak.

Gorostegik, eskolak emateaz gain, ikerketak egiten ditu, hala nola eskizofrenia eta trastorno bipolarra dutenekin: "Farmakoen eraginez, sindrome metabolikoak, obesitatea eta nekea pairatzen dute, eta guk frogatu nahi duguna da jarduera fisikoek efektu negatibo horiek atzeratu edo gutxitzen dituztela". Horretarako metodoa esfortzu probak egitea da, baina osasun larrialdian zehar zaildu egin zaie ikerketa, "jarduera fisiko bat toki itxi batean egitearen beldurragatik".

Bideo deien bidezko kontsultak egitera pasa zen, aldiz, Olagoi: "Bezero gehiago etorri zaizkit gomendio eske, bai gertukoak eta baita urrunagokoak ere". Aldaketa nagusia kirolari nerabeetan igarri duela dio; egunerokoan "arazorik gabe" ibilita ere kurtso berriarekin lehiaketatara itzultzeak "askori antsietatea" ekarri diela nabarmendu du.

Kirola, "botikarik onena"

"Pandemiak kirol arloan erakutsi du ongizate psikologikoak fisikoak bezain besteko garrantzia daukala", gaineratu du Olagoik. Ildo beretik, goi errendimenduko kirolariei "disfrutatzeko" gomendatu die, arazoak "geure burua gehiegi estutzen dugunean" datozela iritzita.

Garaik, berriz, iraupen luzeko eta intentsitate handiko esfortzuak egiten dituztenei osasun azterketak "urtero" egiteko aholkua egin die, Espainiako Kardiologia Erakundearen jarraibideak oinarri hartuta. Bestalde, kirola osasuntsu mantentzeko egiten duten 35 urtetik gorakoei azterketok "bizpahiru urtean behin" egitera deitu ditu.

Bi hizlari horiek bat egin dute Ilargi Gorostegik botatako esaldiekin: "Jarduera fisikoa da osasunerako tratamendu ez farmakologiko indartsuena; beraz, praktikatu. Egunerokoak mugak jartzen dizkigun arren, gizakia mugitzeko dago egina".

ZE ONDORIO ATERA DITUZUE PANDEMIATIK?

ALBERTO GARAI, Athlon-eko kirol medikua

"COVID-19ak bihotzari ere egin diezaioke eraso, arritmiak eta epe luzera ere tronboak sor ditzakeelako. Esfortzu probetatik ondorioztatu dugu arritmiak ia bikoiztu egin direla, nahiz eta ez nagoen guztiz ziur kasu guztiak koronabirusagatik izan direnik: positibo izandakoena artean, seguru".

 

ILARGI GOROSTEGI, jarduera fisikoko irakaslea

"Unibertsitateko kirol gradua oso praktikoa izan ohi da, baina, segurtasunagatik, galdu egin da ikasle izatearen xarma, ikasleen arteko harremana jaitsi egin delako. Motibazio falta sumatzen dut haiengan, hein handi batean, aurrez aurrekoak online moduarekin ordezkatu direlako".

ARITZ OLAGOI, kirol psikologoa

"Egunez egun generaman abiadura geratu behar izan genuen bapatean. Gehienok ispiluaren aurrean jarri gara, modu batean edo bestean. Arretaz eta denboraz begiratzean, gustuko eta gustuko ez ditugunak bistaratu dira; azken horretan, beldurrak eta antsietateak, batik bat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak