Azken 'tutti' barik izan arren, Gabonetako Kontzertua egingo dute Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2021ko abe. 17a, 09:50

Bergarako Musika Bandak, Bergarako Orkestra Sinfonikoak, Aritzeta abesbatzak, Bergarako Orfeoiak eta Orfeoi Gazteak urtero egiten duten Gabonetako emanaldia egingo dute bihar, zapatua, 20:30ean, pilotalekuan. Sarrerak 8 eurotan daude salgai.

Urteetako ohitura berreskuratu, eta bihar, zapatua, Gabonetako kontzertua egingo dute berriro ere Bergaran. Osasun egoerak hala baldintzatuta, iaz ez zuten emanaldirik egin; baina aurten, indarberrituta eta gogotsu datoz Bergarako musikariak. 41. Gabonetako kontzertua egingo dute Musika Bandak, Orkestra Sinfonikoak, Aritzeta abesbatzak eta Orfeoiak, bai nagusiek eta baita gaztetxoek ere. Pena bakarra dute: ezin izango dutela emanaldi amaieran egin izan duten tutti-rik egin. "Horrez gain, edukiera mugatua izango du kontzertuak. Osasun egoera larria da, eta horregatik hartu dugu erabakia", azaldu du Bandako eta Orkestrako zuzendari Enrike Txurrukak.

Gonbidatu berezia: Idoia Asurmendi

Lau zati izango ditu emanaldiak. Talde bakoitzak ordu laurden izango du –Orfeoiak eta Orfeoi Gazteak elkarrekin abestuko dute–. "Mimoz prestatu dugu saioa. Frontoia bete egiten da Gabonetako emanaldian, eta polita izaten da. Obra esanguratsuak muntatzeko aukera eskaintzen du emanaldiak", azaldu du Txurrukak. Gabonetako kontzertuan gonbidatuak egon izan dira; hala, bihar, Idoia Asurmendi aramaioarra izango da gonbidatu berezia. Orkestra Sinfonikoarekin Viejo refranero abestia eskainiko du. Aramaioarrak sortutako lana da, eta Fernando Velazquez konpositore ezagunak orkestrarako moldatua. "Plazera izango da Idoiarekin oholtzan egotea", dio zuzendariak. Jupiter, Soka eta Adeste Fideles joko ditu Musika Bandak: "Beti bezala, klasikoa, modernoa eta Gabon giroko abestia aukeratu ditugu". Orkestra Sinfonikoak, aldiz, 8. dantza eslaviarra, Viejo refranero eta Hator hator.

Samur entzutekoak

Aitor Biain Bidarteren aginduetara abestuko dute Orfeoiak eta Orfeoi Gazteak –gazteen zuzendaria Aitor Garitano da–. "Urtean zehar egiten ditugun emanaldietan obra akademikoagoak abesten ditugu. Biharko emanaldirako, berriz, samur entzuteko abestiak, dantzagarriak aukeratu ditugu", dio Biainek. Euritan dantzan, Ritmo, Oye como va eta Walking on Sunshine kantatuko dituzte. Bi laguntzaile izango dituzte: Eli Mendiaraz pianoan eta Danel Casais perkusioan.

Alaitasuna zabaltzen

Aritzeta abesbatzako zuzendari Imanol Urzelaik ere kantu "alaiak" aukeratu ditu emanaldirako. "Beharra dago. Uste dugu bizi dugun egoerarako abesti aproposak direla". Estamos abestia lau ahotsetara abestekoa da. "Konfinamendu garaian oso ezagun egin zen abestia da"; Josu Elberdinen Izar ederrak abestuko dute ondoren, sei ahotsetara egindako lana, eta 2010ean Tolosako abesbatzen lehiaketan derrigor abestu beharreko lana izan zena; Smile abestia, lau ahotsetara abestekoa eta Tiempos modernos filmean ezagun egin zena; eta Migel Gonzalez Bastida bergararraren Belengo estalpe txiki batian: "Iazko emanaldian jo nahi genuen, Migel jaio zela 100 urte bete zirelako; ezinezkoa izan zenez, aurten joko dugu. Omenaldi txiki bat egin nahi diogu".

Hiru zuzendariek diote kontzertu "oso berezia" izaten dela Gabonetakoa. 41. aldia izango da aurtengoa, eta Debagoienean aitzindariak izan ziren bergararrak horrelako kontzertu bat antolatzen. Amaierako tutti-a –denek elkarrekin abestea– faltan nabarituko dute bai ikusleek eta baita musikariek ere.

Gainerako herrietan egingo diren Gabon kontzertuak

Arrasaten eta Oñatin Gabonetako emanaldiak egingo dituzte; Eskoriatzan eta Bergaran, aldiz, musika eskolakoen emanaldiak izango dira.

Arrasate

• Abenduaren 19an, domeka. Txorbela otxoteak San Frantzisko elizan abestuko du, 12.30ean.

Oñati

• Abenduaren 19an, domeka. Hator hator Gabonetako kontzertua: Musika Banda, Ganbara abesbatza, Hots abesbatza, Oñati abesbatza eta Oñatiko parrokiako abesbatza. 19:00etan izango da, San Migel parrokian.

Eskoriatza

• Abenduaren 18an, zapatua. Musika Eskolako Gabonetako kontzertua, Manuel Muñoz kiroldegian, 18:30ean.

Bergara

• Abenduaren 17an, egubakoitza. Musika Eskolako Gabonetako kontzertua, udal pilotalekuan, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak