Txertoa hartzeko aurrez hartu behar da hitzordua; gaur arratsaldean ireki dute hain zuzen ere. Bi aukera izango dituzte gurasoek txanda eskatzeko. Lehenengoa, webgunearen bidez; osakidetza.euskadi.eus helbidean. Eta bigarrena, ohiko osasun zentrora deituta; 1 tekla sakatu ostean, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko dira.
Osasun Sailak jakitera eman duenez behin lehen dosirako data eta eguna esleitzean, SMS bidez hiru argibide emango dira: hartutako hitzorduaren baieztapena; txertaketa gunea; eta bigarren dosia jasotzeko data, ordua eta gunea. Lehen eta bigarren ziztaden artean zortzi asteko tartea egongo da.