Euriteen eraginez izandako arazoek hainbat albo kalte utzi dituzte bailaran. Horietako bat da Udanan izan diren pitzadurak, eta horren ondorioz, ibilgailuentzako mendatea itxi beharra. Uneotan, bailara eta Urola Garaia lotzeko bide bakarra Deskargako mendatea da, beraz.
Bada, Arrasate eta Zumarraga lotzen dituen Lurraldebusen DG04 autobus zerbitzuak egokitzapenak egin behar izan ditu, konpainiaren hitzetan, "herri guztietan zerbitzua mantendu ahal izateko". "Behin-behineko" zerbitzu aldaketa abenduaren 14tik "abisu berria" bidali arte aplikatuko da.
Deskargatik bueltan
Zerbitzuak Arrasate, Oñati, Legazpi eta Zumarraga zeharkatzen jarraituko du, baina aldaketa nabarmen batekin: Oñati eta Legazpi arteko bidea Udanatik egin beharrean, Deskargatik bueltan egingo dute autobusek. Bi norabideetan egingo den aldaketa izaki, San Prudentzioko geldialdiek jatorri eta norabide desberdinak izango dituzte; batzuetan Oñatira bidean geldituko dira, eta besteetan, aldiz, Legazpirako edo Arrasaterako bidea hartu aurretik. Horrez gain, bada oñatiarrentzat beste aldaketa esanguratsu bat: Arrasatera joateko soilik Posta Geltokian hartu ahal izango da autobusa.
Zerbitzuek bide luzeagoa egin beharko dutela kontuan hartuta, ordutegietan ere hainbat aldaketa egin dira. Hona, zehazki, Udanan trafikoa ireki bitarte DG04-aren ordutegia.