Ziurtagiriaren erabilera, hainbat esparrutara zabaltzeko bidean

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 13a, 16:40

10 egun besterik ez dira igaro jatetxeetan eta gaueko aisialdi guneetan Covid Ziurtagiri Digitala eskatzen hasi zirenetik. Iñigo Urkullu lehendakariak argi adierazi zuen LABIren bilera hasieran bere gobernuaren helburua: "Ziurtagiria erabili ahal den espazio guztietan erabiltzea". Neurria eremu desberdinetan ezarri asmoz, egubakoitzean egin zion eskaera Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Iritzia loteslea ez den arren, fiskaltzak ontzat jo du ziurtagiriaren erabilera zabaltzea.

Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 300dik gorakoa denean, ostalaritza osoan, gimnasioetan, zentro soziosanitarioetan eta zaharren egoitzetan Covid Ziurtagiri Digitala eskatzea. Baita jende asko biltzen duten kirol, aisialdi eta kultur jardueretan ere. Hori da, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari egindako eskaria. Bide horretan, merkataritzakoak ez diren esparru itxi ia guztietan beharko litzateke ziurtagiria.

Bada, gaur eman du iritzia auzitegiko fiskaltzak ostiralean egindako eskaeraren harira, eta begi onez hartu du ziurtagiri digitalaren erabileraren hedatzea; "beharrezkoa, egokia eta proportzionatua" dela argudiatu du. Aintzat hartu beharrekoa da, baina, fiskaltzaren iritzia ez dela loteslea. Ondorioz, ikusteke dago zein izango den Administrazioarekiko Auzien Salaren ebazpena, eta ezezkoa bada, Iñigo Urkulluren gobernuaren jokabidea. Jatetxe eta gaueko aisialdi guneetako eskaera Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuten, eta bertan onartu.

Salbuespenak

Jaurlaritzak adierazi duenez, neurria bete beharko litzatekeen espazioetan bi herritar taldek ez lukete ziurtagiria aurkeztu beharko: 12 urtetik beherakoak eta lanean ari diren establezimenduetako langileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak