Roberto Uribeetxeberria: "Trantsizio industrial iraunkor eta justuaren mesedetan lan egitea gure betebeharra da"

Miren Arregi Amasorrain 2021ko abe. 14a, 13:51

Industriaren beharretara egokitutako tailer espazio bat eskainiko du HiREKIN proiektuak. Mondragon unibertsitateak sustatua da eta D2030ek lagundua. Roberto Uribeetxeberria da proiektuaren koordinatzailea.

Eskualde-industria eraldatzera bideratuko den proiektua da HIREKIN. Lankidetzaren, ikerketaren eta ekintzailetzaren bitartez emisioak murriztera eta ingurumen helburuak betetzeko irtenbideak bilatzera bideratuko dena. Proiektuak espazio propioa izango du, Garaian kokatuko da eta 2023 bukaerarako prest egotea espero da.

Trantsizio industrial iraunkor eta justuaren mesedetan sortutako proiektua da HIREKIN. Zergatik behar du industriak horrelako trantsizio bat?

Orokorrean, Europa osoan eta neurri berdintsuan baita gure eskualdean ere, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin bateraezinak diren industrian oinarritutako ekonomiak dauzkagu. Beraz, sektore horietan aritzen diren pertsonak eta ekonomiak oso zaurgarriak dira etorkizun deskarbonizatu bateranzko trantsizioan. Hau horrela izanda, trantsizio hau ez da ingurumenaren ikuspuntutik bakarrik ikusi behar; justizia klimatikoaz gain, soziala eta ekonomikoa ezinbestekoak dira egitura-aldaketa azkarra eta arrakastatsua izan dadin. Horregatik deitzen zaio trantsizio justua.

Ikusten duzu ari direla norabide horretan lanean?

Kontuan izan behar da industria deskarbonizatzea ez dela borondatezko zerbait izango, legeak eta merkatuak derrigorrezkoa bihurtuko baitute. Beraz, klima-aldaketarekiko sinesgogorra den norbait balego ere, bere industria berde bihurtzera behartuta egongo da merkatuan jarraitu nahi badu. Esango nuke bailarako enpresak ari direla norabide horretan lanean, beraien biziraupena jokoan dagoelako, baina eskualde industrializatu bezala daukagun erronka ez da makala.

"Hirekin proiektuak eskualde industria eraldatzen lagunduko du"

Zein ekarpen egitera dator, zehazki, HIREKIN?

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoaren egitekoa gizartea eraldatzea da, eta, hau horrela izanda, trantsizio industrial iraunkor eta justuaren mesedetan lan egitea gure betebeharra da. HIREKINek eskualde-industria eraldatzen lagunduko du, eta oso industrializatuta dagoen eskualde baten barruan, emisioak murrizteko eta ingurumen-helburuak betetzeko irtenbideak bilatzea bultzatuko du, eskualdearen ongizate ekonomikoa, lanekoa eta soziala hobetzearekin batera. Gizarteari, enpresei eta beste eragile batzuei irekia egongo da.

Zein izango da HIREKINen balio erantsia?

Industriaren beharretara egokitutako tailer espazioa bat eta ekipamenduetarako –prototipazio eta elektronika laborategiak, makineria-tailerrak...– sarbidea eskainiko ditu, besteak beste. Gainera, ideiak esperimentatzeko diziplina anitzeko espazioak ere jarriko ditu eskura. Ez hori bakarrik, unibertsitateko ikasleen, ikerlarien eta enpresen arteko kultura ekintzailea ere sustatuko baita, komunitateak sortzeko eta lankidetza errazteko moduak ahalbidetuz.

Ekintzailetasuna da, beraz, gakoetako bat?

Helburua lortzeko baliabideetako bat ekintzailetza da. HIREKINek unibertsitateko zein enpresetako ikertzaileak, ekintzaileak, barne-ekintzaileak eta campuseko ikasleak batuko ditu,
unibertsitatearen ezagutza
zientifiko-teknologikoa transferitzeko dituen baliabideak haien eskura jarriz, ekipamendua eta laborategiak barne. Zorionez, eskualdean baditugu beste hainbat eragile ekintzailetza eta barne-ekintzailetza teknologikoa bultzatzeko gai den ekosistema benetan aberatsa sortzera bideratuak. Batzuk aipatzearren: Saiolan, Garaia, Mankomunitatea, Mondragon Sustapen Zentroa, Gizabidea Fundazioa, Galbaian, Ikerlan, ISEA eta, noski, unibertsitateko beste fakultateak ere bai.

"Eraikina 2023 urte bukaerarako bukatuta egotea espero dugu; lanean ari dira hondeamakinak"

 

Dagoeneko eskaintzen diozue industria alorrari esperimentatzeko aukera, ezta?

Gaur egun, espazio egokirik oraindik ez izan arren, ikasleen eta ikertzaileen artean kultura ekintzailea eta iraunkortasuna bultzatzen ari gara. Beste fakultate batzuekin batera diziplinarteko elkarlana eta jakintza-alor ezberdinetako profilak nahasten dituen Change maker lab ekintzailetza iraunkorraren inguruan kokatzen den ekimena abian daukagu, adibidez. Enpresa Sortu lehiaketak ere emaitza oso onak eman ditu, parte hartzea handia da eta lehen bi ekitaldietatik hiru enpresa sortu dira jadanik. Oso garrantzitsua da ekintzaile sena duena ahalik eta azkarren identifikatzea, bere sen hori garatzen laguntzea eta aurrera jarraitu ahal izateko tresnetan trebatzea. Horri gehitzen badiogu bere antzeko sena, antzeko kezka eta irrikak dituzten beste batzuekin elkartu ahal izateko lanerako leku aproposa, inguru oso aberats eta erakargarria lortu genezake.

Zein puntutan dago proiektua? Noiz jarriko da martxan?

Esan bezala, proiektua eraikinetik harako doa eta dagoeneko martxan dago. Baina eraikina bera 2023ko azken lau hilekorako egotea espero dugu; hondeamakinak hasiak dira lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak