Goranzko joerak ez du etenik

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 13a, 14:02

Eguenean argitaratutako datuek pandemiako erregistro okerrenak bistaratzen zituzten kutsatze kopuruetan zein bailarako intzidentzia-tasa metatuan. Bada, gaur eguneratutakoek txiki utzi dituzte pasa den astekoak. Eguenean 166 debagoiendarri atzeman zitzaien birusa, astean 778 herritarri, eta Debagoieneko intzidentzia-tasa 2.282,09an dago. Azken lau egunetan 55 ospitaleratu berri daude EAEn; 19 gehiago ZIUetan.

Azken asteetako goranzko bilakaerak ez du etenik. Hori adierazten du, bederen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratzen duen buletinak. Izan ere, 778 debagoiendar kutsatu dira azken zazpi egunetan -430 azken lau egunetan-, 111 herritar pasa eguneko. Bereziki aipagarria eguenean atzemandako positibo kopurua: 166. 2020ko martxoaz geroztik, pasa den asteko martitzena (121), eguaztena (127), egubakoitza eta zapatua (123) dira kutsatu gehien izan diren lau egunak.

Herriak Eguena Egubakoitza Zapatua Domeka GUZTIRA
Arrasate 24 54 53 36 167
Bergara 22 38 26 9 95
Oñati 11 24 21 11 67
Aretxabaleta 7 29 10 5 51
Eskoriatza 7 11 9 4 31
Aramaio 1 5 3 2 11
Antzuola 1 4 0 0 5
Elgeta 1 0 1 0 2
Leintz Gatzaga 0 1 0 0 1
GUZTIRA 74 166  123 67 430
  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Bi milatik gora

14 eguneko intzidentzia metatua ere inoizko erregistro altuenera iritsi da: 2.282,09. Antzuola (871,96), Elgeta (1.061,01) eta Oñati (1.386,47) soilik ez dira bi milako langa horretara iristen, eta lehen biak dira, gainera, beheranzko joeran dauden bakarrak. Hala ere, eremu gorrian dira hiru herri hauek ere. Datu orokorrekin alderatuta, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban baino 800, 1.300 eta 1.600 puntu gorago dago Debagoieneko intzidentzia-tasa, hurrenez hurren.

 

 

Geroz eta gehiago

Kutsatze datuak eragina izaten ari dira EAEko ospitaleetan. Kasu honetan, urrun dira erregistroak pandemiako datu okerrenak izatetik, baina beheko grafikoan ikusi daitekeen bezala, goranzko joeran nabarmena da hemen ere. Zehazki, azken lau egunetan 55 herritar gehiago ospitaleratu behar izan dituzte, eta 338 daude uneotan EAEko erietxe ezberdinetan. ZIUei dagokionez, 73 dira zainketa intentsiboa behar duten herritarrak, pasa den eguenean baino 19 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak