Abisu laranjatik horira igaro da Gipuzkoa barnealdea

Uxue Igarza Loiola 2021ko abe. 11a, 11:36

Zaparradek ez dute etenik izan, baina euri gutxiago bota du azken orduetan. Hala, Euskalmetek arrisku handiko egoeratik arrisku ertaineko egoerara jaitsi du alerta: abisu horia da indarrean. Hemendik eta gauerdira arte, prezipitazio iraunkorrek jarraituko dute eta 10-20 l/m² inguru pilatzea espero da.

Debagoienera etorrita, egubakoitzetik zapatura arteko gaua errekari eta lur-jausiei begira igaro dute herritar ugarik; adibidez, Bergarako Bolua, Zubieta eta Ibaiondoko bizilagunek. Azken horiek garajeak garbitzen aurkitu ditugu gaur.

Bestetik, Boluko auzokide guztiak dagoeneko itzuli dira haien etxeetara. Gaur eguerdian bukatu dituzte luiziari aurre egiteko lanak.

Zenbait errepide, itxita

Luiziak eta asfaltoan sortutako arrakalak direla-eta, bailarako zenbait puntutan errepideak itxita daude. Aramaion, Gorlarako bidean, Eskoriatzan edota Leintz Gatzagan daude arazoak. Informazio guztia dago eguneratuta Trafiko Zuzendaritzaren mapa honetan.

Gorlako irudia, gaur goizean.

Arlabango errepidea, pitzatuta.

Aretxabaletako Basabe baserria baino apur bat gorago, lurra eta zuhaitzak erori dira bidera.

Urkuluk gainezka egin du

Eguaztenean edukieraren %90era iristear zen Urkulu. Ordutik ehunekoak etengabe jardun du hazten, eta gaur %100era iritsi eta gainezka egin du.

Datozen orduetarako iragarpena

Euskal Autonomia Erkidego guztian abisu horia dago indarrean, prezipitazio iraunkorrengatik. Gauerdira arte mantenduko dute, batez ere, oraindik ibaien maila altua delako.  Prezipitazioei dagokienez, Gipuzkoan 10-20 l/m² inguru pilatu daitezke eta Araban 5 l/m² inguru.

Bihar, domeka, joera aldaketa izango da. Eguraldiak hobera egingo du. Eguna lainotuta hasiko den arren, apurka-apurka hodeiak saretuz joango dira, eta arratsaldean giro eguzkitsua izango da, hego ukituko haizearekin. Euriak atsedena emango du egun batzuetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak