Jokin Zaitegi bildumaren bi lan argitaratu dituzte

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 12a, 09:39

Paya eta Ugalderen itzulpenak.

Louise Glück-en The wild irish poema liburua euskarara itzuli du garazi ugalde lezotarrak eta Bob Dylan-en 100 kanta Xabier Paya bilbotarrak. Edizio honetarako egindako bi lanen emaitzekin oso gustura geratu dira Elkar argitaletxeko arduradunak.

Literaturako Nobel saridunen liburuak itzultzea du oinarri Jokin Zaitegi sariketak. AED elkarteak antolatzen du, Elkar argitaletxearekin lankidetzan eta Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. Hori horrela, batetik, Louise Glück-en The Wild Irish poema liburua euskarara itzuli du Garazi Ugalde itzultzaile eta idazle lezoarrak, eta, bestetik, Bob Dylanen 100 kantako sorta itzuli du Xabier Paya itzultzaile bilbotarrak.

Nobel saridunen poema eta kantu liburuak euskarara itzulita, Ugalderen eta Payaren eskutik

Jokin Zaitegi bildumara poema-liburua eta kanta-bilduma batu dira aurtengo edizioan. Azpimarragarria bada ere Nobel Akademiak erabakitzen du saria nori eman eta euskarara itzuli diren lanen generoari erreparatu gabe, egindako lanak "ederrak" direla nabarmendu dute antolatzaileek.

'Basairisa' liburua

Louise Glück estatubatuar poetaren The Wild Irish poema liburua, ingelesetik euskarara itzuli du Garazi Ugaldek, eta oso gustura geratu dira epaimahaia osatu dutenak Basairisa izenpean Elkarrek argitaratu duen liburuarekin. Lanaren gainean "itzulpen bikaina da, oso zaindua eta mimoz egina da" adierazi du Xabier Mendigurenek, Elkar argitaletxeko editoreak. Eta itzultzaileak egindako ekarpenari erreferentzia eginez, "arreta, zehaztasuna, ñabardurak, zailtasunak gainditzeko ikerketa sakonak eta hori dena euskara eder batean emateko sentiberatasun poetikoa elkartu ditu", gaineratu du Mendigunek.

Poesia, irakurle ororentzat

Poema liburua bada ere, irakurle ororentzat dagoela eginda nabarmendu dute Elkarretik: "Itxuraz, lorategi bateko landareei buruz ari da, baina loreen azpian edo haien bitartez bizitzako gai nagusiak agertzen dira: denbora, maitasuna, existentzia... Poesia, berez, denontzat egina da, baina egia da gehienak ez gaudela ohituta besterik gabe poesia-liburuak irakurtzera, eta entrenamendu pixka bat komeni izaten da; astiro irakurtzea, ozenki, hitzak gozatuz... Eta ez kezkatu ea den-dena ulertzen dugun: geratzen zaigun sentsazioa da inportanteena".

Bob Dylanen letrak, euskaraz

Louise Glück-en itzulpenaz gain, 2016an Suediako Akademiak Bob Dylan kantagile iparramerikarrari eman zion Literaturako Nobel saria, eta Xabier Paya arduratu da kasu honetan, Dylanen ehun kanta euskaratzeaz. "Txundigarria da egindako lana, benetan"; hitz horiekin definitu du Mendigurenek Bob Dylan. 100 kanta izenpean argitaratu den kantu-liburua.

Lanarekin harro, gizartearen zati handi batek buruz dakizkien kantak euskaratzea erronka izugarria izan dela adierazi du Xabier Payak: "Blowin' in the wind, Desolation Row, Knockin' On Heaven's Door... kantuak maila globalekoak dira. Nire erronka izan da liburu bat sor-tzea bere kantuak ulergarri eta kantagarri egiteko, eta ahalegin berezia egin dut neurriei, erri-mei... dagokienez; Dylanen kan-ta bat entzun eta itzulpena ira-kurriz emozioak sentitzea ira-kurleak; hori da asmoa, behin-tzat. Esan beharra dago Joxerra Gartziari eskatu niola laguntza erregistroan, moldean... zalan-tzak nituenean. Itzultzaile eta idazle ona izateaz gain, Dylanen zale amorratu eta sutsua da, eta gitarrarekin izango da aurkez-penean".

Bi lanak Elkar liburu-dendetan daude salgai, eta horien aurkez-pena astelehenean, hilaren 13an, egingo dute, Donostiako Konstituzio plazako biblioteka zaharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak