Angiozarko bailara eta auzotarrak astintzen dituen eraikuntza-lana

Hasier Larrea 2021ko abe. 13a, 08:00

Bergarako lotuneko obrak eta Angiozar bailarako etxebizitzak, ondo-ondoan.

Abiadura Handiko Trenaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak konektatzeko funtsezko puntua da Angiozarren kokatuta dagoen Bergarako lotunea. Irailetik ari dira, 24 orduz, tunelak zulatzen: "Jasanezinak dira eztandak".

Euskal Y-aren epizentroan dago Angiozarko bailara. Gasteiz, Donostia eta Bilbo konektatzeko proiektuak bertan finkatu zuen Abiadura Handiko Trenaren bidegurutzea duela hiru hamarkada, hasieratik jakinda Erkidegoan egitekoak ziren obrarik zailena izango zela. Lanak egiteko onartutako lehen kontratua bertan behera utzi zuen Espainiako Gobernuak 2016an, eraikuntza enpresek onartu zutelako lanen kostua hitzartutakoa baino altuagoa izango zela, eta erabili behar ziren teknikak ez zirelako eraginkorrak.

Hiru sektoretan banatuta

2018an onartu zuen Trenbide Azpiegituren Administratzaileak (Adif), azkenean, guztira 17,4 kilometroko zortzi tunelez eta beste hiru zubibidez osatuko litzatekeen eraikuntza. Hiru sektoretan banatu zuten: lehen sektoreak, 5,1 kilometrokoak, Bergaratik Angiozarrerako bidea egingo du, Udalatx eta Karraskain azpitik igaroz. Donostiatik Bilbora eta Gasteizera joateko baliatuko dute, eta alderantziz. 134 milioi eurogatik esleitu zitzaien OHLk, Geotunelek, Costrucciones Adolfo Sobrinok eta G&Ok sorturiko aldi baterako enpresei. Lehen sektore hori bigarren eta hirugarrenarekin elkartzen da Angiozarren; puntu horretan gauzatzen da, hain zuzen, Bergarako lotunea.

Lehen sektorearen baitako lurgaineko tunela.

Bigarren sektoreak Gasteizerako noranzkoa hartzen du, Kobateko zubibidera iritsiz. Bide hori Kanpanzarko errepidearen azpitik igaroko da Besaideraino. 182,7 milioi eurogatik hartu zuten 5,2 kilometroko zati hori eraikitzeko ardura Dragadosek, Tecsa Empresa Constructorak eta Construcciones Amenabarrek aldi baterako sorturiko enpresek. Angiozarko lotuneko hiru tunelen bi alboetatik pasako dira trenak, albo batetik Gasteizko noranzkoan eta bestetik Donostiakoan. Tarte horretan bi adarrak bereizita badaude ere, batu egingo dira Garagartzako Kobatera iritsi aurretik.

Hiru tunel horiek dira 'euskal Y'-aren epizentroa. Erdiko tunela Bilbo-Donostia adarrari dagokio; alboetakoak, Gasteiz-Donostia adarrari.

Bi adar horiek bereizita egotearen arrazoia da erdiko tunela Gasteiz eta Bilbo arteko trenbidea egiteko baliatuko dutela. Tunel bakarra izan arren, bi noranzko izango ditu, eta horregatik da alboko bi tunelak baino handiagoa. Hirugarren sektoreari dagozkion lanak egiten ari dira bertan, Donostia eta Bilbo konektatzeko. Beste bi sektoreak baino laburragoa izango da, 2,8 kilometrokoa; bi kilometroko luzera izango du tunelak, eta Elorrioko Iguria auzoraino iritsiko da. Campezo Obras y Servicios, Comsa, Cycasa Canteras y Construcciones eta Nortunel enpresei esleitu zitzaien lan hori 66,3 milioi eurogatik.

BERGARAKO LOTURAKO HIRU SEKTOREAK BATUTA, 382 MILIOI EUROKO KOSTUA ERAGIN DUTE

Eustormak indartzen

Lehen sektorearen azken zatiak Angiozar sarreran dagoen lurgaineko galeria artifiziala lotunearekin konektatzen du. Eremuaren bazter batean baso aldapatsua dago, eta beste bazterretik Angiozar erreka igarotzen da. Ezaugarri geologiko konplexu horien ondorioz, luiziak saihesteko eustormak eta basoetatik jaisten diren errekastoak desbideratzeko kanalak egiten dabiltza. Ramon Loiti auzotarrak gertutik jarraitzen dihardu prozesua. Adierazi du hasieran pentsatutakoa baino gehiago kostatzen ari zaiela enpresei igarobide segurua eraikitzea: "Hasieran egindako horma ez zen egonkorra, eta metro batzuetara beste horma bat egitea erabaki zuten. Tartean dagoen hutsunea ezin dute obra-hondakinekin bete, bigunegiak direlako, eta Udalatxeko harrobiko kareharriarekin beteko dute, ondorioz".

Trenaren igarobidea; aurrean, eustorma berriaren zatia, eta, atzean, ezpondak.

Eztandak, gau eta egun

Baina Angiozarko bizilagunei kalte gehien eragiten diena aipatutako hiru tunelen exekuzioa da. Pasa den irailetik hona etengabeko dinamita-hotsak jasaten ari direla salatu dute: "Eguneko 24 orduetan entzuten dira burrunbak, gauez esnatzen gaituzte, eta sarri ikaratu ere egiten gara eragiten duen oihartzunagatik", salatu du Ainhoa Larrañagak. Paulino Alustizak gaineratu du azken astean "bi eztanda handi" entzun dituela.

Dinamitak gauez ea leherrarazi daitezkeen galdetuta, Adifekoek Ramon Loitiri erantzun zioten "dezibelioen neurgailuek diotela legea betetzen ari direla". Gainera, "arrazoi teknikoengatik ezinezkoa" da eztandak erlojuaren arabera kalkulatzea. Hori horrela, dinamita kargatzen dutenean langileek kanpora irten eta tinbrea jotzen dute eztanda gertatuko dela abisatzeko.

Lur azpian egiten ari direna lan konplexua da, tunelek bihurguneak eta aldapak izango dituztelako. Gainera, trenak pasako diren bideen artean segurtasun pasabideak ere eraiki behar dituzte, istripurik balego.Hori guztia egiteko behar-beharrezkoa dute gauez argia edukitzeko foku erraldoiak piztea. "Egunez obrak inpresio handia ematen badu, imajinatu gauez; beste galaxia bat dirudi", aipatu du Larrañagak.

Lur azpiko hiru tunelak, gauez.

Tunelaren irteera, "2026an"

Obrako sektore guztiak 2018ko uztailerako esleitu bazituzten ere, exekuzioari pandemia hasi aurreko hilabeteetan ekin zioten, bizilagunek gogoratzen dutenez. 38 hilabeteko gehienezko epea jarri zien Adifek euskal y-aren epizentroaren eraikuntza lanei. Jakina da zati hori eta hiriburuetako geltoki zein sarbideak izango direla amaitzen azkenak. Gero, erraiak eta trenak igarotzeko azpiegitura guztiak jarri beharko dituzte. Espainiako azken aurrekontuek 2026rako jarri dute Erkidegoko obra guztien akabera. Ikusteko dago ordurako egingo ote duten, edo enegarren aldiz luzatuko duten obratzarraren irekiera.

GOIMENDI ETA ANGIOZAR LOTZEKO BASO-BIDE ESKE

Larrañaga, Loiti eta Alustiza angiozartarrak, obren planoari eusten. Irudiaren ezker-goikaldean egin nahi dute baso-bidea.

Lur-hondakinei irtenbide praktikoa eman nahi diete Angiozarko auzotarrek, "hamarkadatako eskaerari" erantzuteko. Zehazki, baso-bide bat egin nahi dute Goimendi eta Angiozar artean. Kanpanzarko mendatean dago Goimendi auzunea, Angiozartik bi kilometro ingurura: "Obren aurretik, Asentzio zeharkatu genezakeen bertara joateko, baina orain, 12 kilometroko buelta egin beharra dago, baso-bide guztiak moztu dituztelako".

Angiozarko auzotarrak ohartu ziren Adifek Goimendira bidean dagoen "600 mila metro kubiko inguruko" lursail bat desjabetu zuela. "Obrak bideratzeko asmoz, sail horretako basoa bota eta garbitu egin zuten, eta guk eskatzen duguna da obretako lur-hondakinez betetzea lursail hori, gainean baso-bide bat eraikitzeko".

Hori lortzeko negoziatzen ari dira Bergarako Udalarekin eta Adifekin. Diote Foru Aldundiak dirulaguntzak ematen dituela halakoetarako: "Ekonomikoki ez dugu askorik eskatzen, eta, Angiozartik gasbidea, goi-tentsioko linea eta AHTa pasako direla aintzat hartuta, kontuan hartzeko modukoa iruditzen zaigu".

Lamiategiko zabortegia

Arazoa, baina, Angiozar eta Bergara arteko Lamiategiko zabortegian dagoela uste dute, bertara bideratzen baitituzte eraikuntza enpresek lur hondakinak: "Lamiategi partikular batena da; guztion poltsikotik milioi bat euro inguru jasoko ditu lur-hondakinak bertan gordetzeagatik. Interes batzuk daude kontratu horren atzean. Guk proposatu dugu lur hondakinak Lamiategira eraman beharrean Goimendira bidean dagoen lursailera eramatea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak