Euri artean egin dugun hogeigarren eguna da gaurkoa, alerta laranja eta guzti. Gaur 12:00ak arteko datuen arabera –eta Arrasate, Elorregi eta Urkuluko neurgailuen batez bestekoa eginda–, ia 400 litro bota ditu metro karratuko azken bi asteetan; azaroko hilabete osoan baino 113 litro gehiago.
Iraila eta urria lehorrak izan ziren. Urri osoan, batez beste, 40,3 litro egin zituen metro karratuko Debagoienean; azaroan baino zazpi aldiz euri gutxiago, hain zuzen ere. 2020ko azaroaren 27etik gaur arte, 180 litro erregistratu ziren bailaran metro karratuko; eta 2021eko epe berean, 395 litro. Bikoiztu baino gehiago egin dira prezipitazioak aurten.
"Okerrena igaro da"
Pello Zabala eguraldi iragarlearen arabera, Ipar Polotik, mendebaldetik, etorri dira azken asteetako euriteak, eta "ondoetorriak" izan direla dio: "Egokia da sasoi honetan euria egitea, lurrak ere gustura hartu du; dena xurgatu du". Edozelan ere, aldaketa datorrela iragarri du Zabalak: "Hemendik aurrera, gutxiago botako du, aste honen bukaera alderako egoera normaltzen joango da. Esango nuke gehiena eman duela".
Euskalmetek ere horixe dio; joera aldaketa etorriko da asteburuan: domekan eta, batez ere, astelehenean, eguzkiak ordezkatuko du euria, eta tenperatura igo egingo da.