Josu Zubia: "Futbol egokituan inklusioa da helburua"

Xabier Urtzelai 2021ko abe. 10a, 12:00

Josu Zubia, Mojategiko harmailetan artxibo erretratuan.

Domeka eguerdian (12:00), behar bereziak dituzten neska-mutikoekin futbol egokituko topaketa egingo dute Mojategin. Gipuzkoako federazioaren ekimena da, klub askorekin elkarlanean bideratzen dabilena. Federazioko kirol zuzendari eta kirol egokituko teknikari Josu Zubiarekin izan da GOIENA. 

Debagoieneko futbol taldeekin egindako lanagatik da bailaran ezaguna Josu Zubia. Besteak beste, Mondrako, Aloña Mendiko eta Bergarako entrenatzaile izandakoa gaur egun Gipuzkoako Futbol Federazioko kirol zuzendaria da, eta baita kirol egokituko teknikaria ere. Hain zuzen, azken arlo horretan abian jarri duten proiektuaren baitan, domekan (12:00, Mojategi) lansaioa egingo dute Arrasaten: "Azken ordura arte izango dugu izen-ematea zabalik, eta horretarako astirik izan ez duenak ere domekan zabalik izango ditu ateak; animatu daitezela denak".

Zein da Gipuzkoako Federazioak abian jarri duen proiektua?

Gipuzkoako Federazioak futbol egokituan eta inklusiboan aukerak sortzeko proiektua jarri du abian, eta Diputazioan aurkeztu dugun proiektua hiru urtean gauzatu nahi dugu. Prestakuntza eta sentsibilizazio programa bat da, eta helburua futbolaren inguruko begirada irekiagoa eta solidarioagoa ahalbidetuko duten elkarbizitza balioak bultzatzea da, kirol hori sustatuz eta behar bereziak dituzten kolektiboei futbolean jarduteko aukera erraztuz; era horretara, etorkizunean futbol egokituan edota inklusiboan modu egonkorrean parte hartzeko eta lehiatzeko espazio bat sortu nahi da. Azken batean, haur eta gazte horiei futbola euren errutinetan barneratzeko aukera eman nahi diegu, egin dezatela futbolean maiztasun handiarekin, ez noizbehinka.

Gazte horiek ez dute, esaterako, astero lehiatzeko aukerarik.

Hori da; gainontzeko neska-mutikoek, adinaren arabera, futbol topaketak izaten dituzte, entrenamendu saioak, ligak jokatzen dituzte... Eta, behar bereziak dituzten gazteek, berriz, ez.

Nortzuk zaudete proiektu honetan?

Gipuzkoako Futbol Federazioak Diputazioaren babesa du proiektu honetan, baina, horrekin batera, Gipuzkoako klub askotatik oso erantzun positiboa jaso dugu, eta eurekin batera bideratu nahi dugu ekimen hau.

Nola egingo duzue hori?

Iazko denboraldian Irungo topaketak izandako arrakastaren ondoren, aurtengo ikasturtean futbol egokituko zortzi topaketa antolatu ditugu Gipuzkoako hainbat eskualdetan, erabiltzaile guztiek euren bizilekutik gertuen duten jardunaldira joateko aukera izan dezaten. Eta domekan Mojategin egingo duguna da horietako bat. Irunen, esaterako, 30 neska-mutikotik gora batu ziren, topaketa oso positiboa izan zen.

Aipatu duzu lehenengo urte honetan zortzi lan-saio egingo dituzuela, baina proiektua hiru urtekoa dela.

Hori da. Datorren urtera begira interesa erakutsi duten klubetako teknikariei kirol egokituko formakuntza eskaintzea da asmoa. Lehen esan moduan, klub askok interesa erakutsi dute, eta, eskualde batean klub bat baino gehiago interesatuta badaude, topaketak txandaka egin ditzakegu. Kontua da inor ez uztea kanpoan. Hala, klubetako teknikariek formakuntza saio horiek jasotzen dituztenean errazagoa izango da eskualde bakoitzean lan-saioak maiztasun handiagoarekin antolatzea.

Diozu, baina, helburu nagusia inklusioa dela.

Hori da, eta helburu horrekin egingo dugu lan hirugarren urtean. Behar bereziak dituzten haur eta gazte horiek klub bateko maila konkretu bateko jokalariekin entrena daitezke, esaterako, edo partiduak antolatu. Azken helburuak hori izan behar du, inklusioaren aldeko apustua.

Behar ezberdinak dituzten gazteekin lan egitea berezia da?

Askotan, aurreiritzi mordoa izaten dugu. Bai, berezia dela esango nuke, hasteko, gazte horiek maitasun mordoa daukatelako emateko eta kirol egokituko lan-saioetara ekartzen duten jarrera ezin hobea izaten delako. Gero, normala den moduan, egin beharreko ariketak egokitu egiten ditugu euren beharretara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak