COVID-19az kutsatutako herritarren kopuruak ez du etenik bailaran. Pasa den astean zazpi eguneko zein egun bakarreko erregistro altuenak izan baziren, aste honetako datuek txiki utzi dituzte zenbakiok. Hots, aste bakarrean 754 positibo atzeman dira -403koa zen erregistro altuena-, eta atzo, eguaztena, 127 -121ekoa zen daturik altuena, aurreko egunekoa, alegia-. Hona herriz herri asteko lehen hiru egunek utzitako datuak:
Herriak | Astelehena | Asteartea | Eguaztena | GUZTIRA |
Arrasate | 31 | 41 | 49 | 121 |
Bergara | 30 | 34 | 25 | 89 |
Aretxabaleta | 20 | 16 | 18 | 54 |
Eskoriatza | 9 | 11 | 18 | 38 |
Oñati | 4 | 13 | 7 | 24 |
Aramaio | 4 | 2 | 3 | 9 |
Antzuola | 2 | 2 | 1 | 5 |
Elgeta | 0 | 2 | 2 | 4 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 4 | 4 |
GUZTIRA | 100 | 121 | 127 | 348 |
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasa gora
Kasu gehienetan, datuen gorakadak intzidentzia-tasaren gorakada dakar berarekin. Antzuolan eta Oñatin salbu, gainerako herri guztietan gora egin du datuak, eta Arrasaten, Eskoriatzan zein Leintz Gatzagan 2.000 puntutik gora kokatu da. Bailaran 300 puntutik gora igo da intzidentzia-tasa, eta 1.785,24an dago uneotan; Gipuzkoako eta EAEko datuekin alderatuta, 500 eta 1.000 puntu gainetik, hurrenez hurren. Debagoieneko herri guztiak eremu gorrian dira.
Hiru lurraldeak ere gora
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere bilakaera goranzkoa da, ondoko grafikoak adierazten duen bezala. Azken hiru egunetan ia 300 puntuan hazi da 14 eguneko intzidentzia-tasa Bizkaian, 250 puntuan Gipuzkoan, eta 150ean Araban.
27 gehiago
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteartean adierazi bezala, osasun sisteman "tentsioa gora" doa; ospitaleetan ingresatuta dauden herritar kopurua zein ZIUen betetze maila horren adibide. Uneotan, 293 pertsona daude EAEko ospitaleetan birusa dela eta, astelehenean baino 27 gehiago. ZIUetan, aldiz, 73 herritar daude gaur-gaurkoz, eta EAEn dauden 260 ZIU oheetatik %35,61a COVID-19az kutsatuta dauden pertsonek betetzen dute.