Alde digitala eta presentziala uztartuz, helburuak bete ditu Durangoko Azokak

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko abe. 8a, 18:01

Kulturzaleak Landako Gunean (Argazkia: Durangoko Azoka)

Azken orduan neurriak egokituta, baina aurrera egin ahal izan dute presentzialtasunarekin, eta, antolatzaileak pozik agertu dira horrekin. Landako Gunean 25.000 bisitari baino gehiago izan dituzte eta erreserba guztiak agortu dira. Azokako webguneak 110.000 bisita izan ditu, eta streaming kateetan 21.000 lagun batu dira.

Bi urteren ostean aurrez aurreko kulturaren plaza berreskuratzea izan da Durangoko Azokaren lehentasuna. "Pozik gaude berriro ere batzeko aukera izan dugulako, kulturzale eta sortzaileak plazan elkartu ditugulako berriro, egungo egoerara moldatuta bada ere", adierazi du Gerediagako presidente Nerea Mujikak.

Aurten kulturaren plaza osasun-neurrietara egokituta antolatu behar izan dute, horretarako, besteak beste, erreserba-txanda sistema ezarriz. Neurri horien aurrean kulturzaleek zein argitaletxeek erakutsitako ardura eta konpromisoa ere nabarmendu dute Gerediagatik: "Eskertu nahi dugu bisitariek une oro izan duten jarrera eta prestutasuna: ilaretan itxaroteko, Landako Gunea husteko, pilaketak ekiditeko... Kultura segurua dela argi geratu da beste behin ere".

Aurrez aurreko bisiten kopurua mugatuta egon da, eta hala, salmenta-kopurua "orokorrean baxuagoa" izan dela jakinarazi dute. Bisitari gutxiago izateari alde ona ere ikusi diote bertaratzeko aukera izan dutenek, eta, erakusmahaietara gerturatu eta sortzaileekin zuzenean egotea "inoiz baino errazagoa" izan dela azpimarratu dute.

Online dendari dagokionez, abenduaren 3tik 7ra 1.300 erosketa egin direla zehaztu dute, eta guztira 5.400 lan erosi dira. Bataz besteko gastua 58 eurokoa izan da erosketa bakoitzeko.

Gainontzeko espazioetan ere balorazio positiboa egin dute, eta adibidez Ahotsenearen kasuan, orotara 7.500 bisitari hurbildu dira Plateruenera zuzeneko kontzertuak ikustera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak