Uda ostean lehen aldiz, gora egin du langabeziak bailaran

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 8a, 13:57

Pasa den astean eguneratu zituen Espainiako Enplegu Zerbitzuak langabezia datuak, eta iraileko (-21) eta urriko (-26) beherakaden ostean, gora egin du azaroan langabeziak Debagoienean. Zehazki, 2.525 debagoiendar daude lanik gabe, urrian baino 41 gehiago. Bide beretik, langabezia-tasak ere gora egin du, eta %8,23an da uneotan.

Uda osteko beheranzko joera hautsiz, gora egin zuen langabeziak azaroan Debagoienean. Bi herri dira gorakada horren kausa: Arrasate (+45) eta Eskoriatza (+10). Aretxabaletan, Leintz Gatzagan eta Oñatin mantendu egin da urriko langabe kopurua, eta Bergaran (-9), Elgetan (-3), Antzuolan (-1) eta Aramaion (-1), aldiz, urteko hamargarren hilabetean baino herritar gutxiago daude lanik gabe.

Langabezia-tasari erreparatuz gero, %0,14an hazi da langabe kopurua bailaran. Kasu honetan, eta langabe datuetatik harago herriko biztanleria aktiboak erlazio zuzena duela aintzat hartuta, Elgeta izan da tasa jaitsiera handiena izan duena (- %0,51); beste muturrean dago Eskoriatza, azaroan langabezia-tasa igoera handiena izan duen bailarako herria baita (%0,50).

Herria Azaroko langabeak Langabeak guztira Langabezia-tasa
Antzuola -1 57 %5,25
Aramaio -1 16 %2,29
Aretxabaleta = 226 %6,57
Arrasate +45 1.148 %11,30
Bergara -9 528 %7,36
Elgeta -3 24 %4,04
Eskoriatza +10 165 %8,25
Leintz Gatzaga = 4 %3,33
Oñati = 357 %6,59
Debagoiena +41 2.525 %8,23

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak