Premia berezia ez duten kontsultak atzeratzen hasi da Osakidetza

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 7a, 16:17

Osasun sisteman "tentsioa gora" doala adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta horren aurrean, Osakidetza premia berezia ez duten kontsultak atzeratzen hasi dela iragarri du. Osasun zentroa jarriko da harremanetan kontsulta atzeratzea dagokien pazienteekin. Horrez gain, positiboen harreman estuei zuzenean proba egiteko mezua bidaliko zaiela esan du, baita Covid Ziurtagiri Digitalaren inguruko datua eman ere: azken lau egunetan 233.000 herritarrek deskargatu dute.

"Ezin dugu errealitatea ukatu. Laster prebentzio neurri berriak proposatu beharko dizkiogu LABIri" esanez ekin dio astearteroko Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoari Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Osasun sisteman "tentsioa gora" doala adierazi du; EAEn dauden 260 ZIU oheetatik %31,58a COVID-19az kutsatuta dauden pertsonek betetzen dute, eta "ez dago aurreikuspenik eboluzioak hobera egingo duenik".

"Benetan premia duenari" erantzun asmoz, Osakidetza lehen mailako arretan urgentzia ez duten kontsultak atzeratzen hasi dela iragarri du sailburuak. Bere hitzetan, "soilik itxaron ezin dituzten kontsultak egingo dira", eta ondorioz, beste asko bertan behera geldituko dira. "Egin egingo ditugu, baina aurrerago", adierazi du. Osasun zentroa jarriko da harremanetan kontsulta atzeratzea dagokien pazienteekin: "Osakidetzak deituko die osasun kontsulta atzeratu behar duten herritarrei".

Mezua harreman estuei

Gaurtik aurrera, Arakatzaile Sarearen zain egon gabe proba diagnostikoa egiteko aukera izango dute positiboen harreman estua diren herritarrek. Sagarduik jakitera eman duenez, mezu bat bidaliko zaie harreman diren horiei, zuzenean proba egiteko hitzordua emanez.

Ia %15a

Osasun larrialdiari eta Covid Ziurtagiri Digitalaren erabilerari dagokionez, zapatuan indarrean jarri zen ziurtagiria exijitzeko neurriaren inguruko datu adierazgarri bat eman du sailburuak. Zehazki, azken lau egunetan 233.000 herritarrek deskargatu dute ziurtagiria, horretarako aukera dagoenetik egin duten 1.583.000 herritarretatik ia %15ak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak