Ikus-entzunezkoetan euskararen etorkizuna ziurtatzeko manifestua aurkeztu zuten Durangon

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 7a, 12:32

Ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako hainbat ordezkari, Durangon egindako manifestuaren aurkezpenean. (Argazkia: Pantailak Euskaraz)

Durangoko Azokaren bueltan, Pantailak Euskaraz taldeak Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua aurkeztu zuen zapatuan. Ikus-entzunezkoetan euskararen etorkizuna ziurtatzea jomugan, hamar neurri proposatzen dituen aldarrikapen taula osatu dute. Sektore desberdinetako 35 eragileren atxikimendua du manifestuak, eta beste hainbat eragilerekin "partekatzea, osatzea eta kontsentsu handi bat adostea" dute helburu.

Durangoko Azokako programazioaren barnean egin zuen Pantailak Euskaraz taldeak Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestuaren aurkezpena; zehazki, zapatu eguerdian, Irudienea gunean eta atxikimenduarekin bat egin duten 35 eragileetako hainbat ordezkariren aurrean. Besteak beste, Hekimenek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak eman diote babesa manifestuari.

Pantailak Euskaraz taldeko kide diren Izaskun Rekaldek eta Alex Aginagaldek agerraldian adierazi zutenez, "ikus-entzunezkoetan euskararen etorkizuna ziurtatzea", eta horrenbestez, "euskararen normalizazioan pauso sendoak ematea" dira proposamenaren helburuak. Besteak beste, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa, bikoizketa eta azpidatziak eta euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen kontsumoa "hedatu, indartu eta sustatu" behar direla adierazi zuten.

Hamar proposamen

Lehen oinarri gisa, hamar proposamen biltzen ditu aldarrikapen taulak. Sustatzaileek adierazi zutenez, baina, "tresna irekia da", eta manifestua beste hainbat eragilerekin "partekatzea, osatzea eta kontsentsu handi bat adostea" dute helburu. Honakoak dira, zehazki, iradokitako aldarrikapenak:

  • Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea.
  • EITB indartzea eta euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea.
  • Euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea.
  • Streaming plataformetan euskararen presentzia legez bermatzea.
  • Zinemaren lege propioak sortzea.
  • Bideo-jokoetan eta sortzaile plataformetan, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea.
  • Ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea.
  • Ikus-entzunezkoen kontseilu propioa sortzea, lurralde-administrazio bakoitzean.
  • Espainiar eta frantziar kate publikoek edukiak euskaraz eskaintzea.
  • Koordinazio-organoa sortzea, hiru lurralde-administrazioetako ordezkariz osatua.

Hemen ikusgai Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua, proposamen bakoitzaren xehetasunekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak