Atentatua gertatu eta hamar urtera jarri zuten udaletxeko sarreran Isaias Carrascoren omenezko plaka; 2018ko azaroaren 7an, hain zuzen ere. Omenaldi ekitaldia ere egin zitzaion Carrascori udaletxeko areto nagusian alderdi politiko guztien parte hartzearekin. Hiru urteotan ikusgai egon den plakan honakoa irakur zitekeen: Isaias Carrasco Miguel. Arrasateko Udaleko zinegotzia 2003-2007. Gogoan. En recuerdo. Arrasate 2018-11-24.
Eguenetik plaka berria dago udaletxeko sarreran orain artekoaren ordez. Plaka berri horretan zehazten da ETAk erailda hil zela zinegotzi sozialista ohia 2008ko martxoaren 7an. Familiak urteetan egindako eskaerari ematen dio erantzuna aldaketa honek, eta plaka berrian ondorengoa irakur daiteke: Isaias Carrasco Miguel. Arrasateko Udaleko zinegotzia 2003-2007. ETAk 2008ko martxoaren 7an erailda, oroimenez eta omenez. En recuerdo y reconocimiento, asesinado por ETA el 7 de marzo de 2008.