Gipuzkoako selekzioa nagusi Bergara Hiria eskubaloi txapelketan

Jon Irizar Aranguren 2021ko abe. 4a, 16:51

Gipuzkoako selekzioa, Gorka Artola alkatearen eskutik garaikurra jaso berritan.

Kadete mailako emakumezkoen Bergara Hiria eskubaloi txapelketa jokatu da gaur goizean Labegaraietan. Antzuola, Arrasate, Bergara eta Oñatiko neskek osatu duten Debagoieneko selekzioa Gipuzkoako eta Errioxako selekzioen aurka aritu da nor baino nor gehiago; gipuzkoarrak izan dira kantxan jaun eta jabe. Emaitzatik harago, baina, emakumeen eskubaloia sustatu, harreman berriak sortu eta gozatu izanagatik "gustura eta pozik" agertu dira antolatzaile, entrenatzaile zein jokalariak.

Kluben arteko txapelketen etena tarteko, eskubaloi zaleek Bergarako Labegaraieta kiroldegian izan dute gaur goizean hitzordua. Bergarak hiri-gutuna jaso zuela 750 urte bete zirela gogora ekartzeko urteurreneko ekitaldien barruan, kadete mailako emakumezkoen Bergara Hiria eskubaloi txapelketa jokatu da. Hiru selekzio aritu dira nor baino nor gehiago hiruko txapelketa formatuan eta 40 minutuko neurketatan: Debagoieneko, Gipuzkoako eta Errioxako selekzioak.

Gipuzkoako selekzioko neskek nagusitasun handia erakutsi dute kantxan. Lehen neurketan 11 eta 22 nagusitu zaizkie debagoiendarrei; goizeko hirugarren eta azken partiduan, aldiz, 28-11 garaitu dituzte errioxarrak. Bitik bi, eta Gorka Artola alkateak emandako Bergara Hiria garaikurra etxera. Bailarako eta Errioxako selekzioen arteko neurketak emozio gehiago izan du, eta ozta-ozta bada ere, etxekoek ezin izan dute Espainiako Txapelketa prestatzen ari den taldea mendean hartu (17-19).

Markagailutik harago

Bailaran emakumeen eskubaloia sustatzeko erakusleiho gisa antolatu dute txapelketa, eta antolatzaileak "pozik" agertu dira bai kantxan ikusitakoarekin, eta baita harmailetan bildu den jendearekin ere. Ia 50 kirolari aritu dira baloiaren bueltan, eta Labegaraietan bildu diren familia, lagun eta eskubaloi zaleen artean, "goiz pasa ederra" pasa izan aitortu dute.

Harreman berriak

Gaurko jardunak jokalariak "elkar ezagutu eta harreman berriak sortzeko" ere balio izan du, Debagoieneko eta Gipuzkoako hautatzaileek adierazi dutenez. Izan ere, aipatutako bi kasuetan espresuki lehiaketa honetarako osatu dute taldea, hainbat taldetako jokalariak bilduz. Debagoieneko selekzioaren kasuan, Antzuola, Arrasate, Bergara eta Oñatiko 18 jokalari aritu dira elkarrekin; gipuzkoarren kasuan, 10 taldetako 16 jokalarik osatu dute selekzioa.

Astean zehar Bergara Hiria eskubaloi txapelketaren inguruko erreportaje zabala eskainiko du Goiena Telebistak, neurketetako irudi zein protagonisten hitzekin.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak