Euskararen normalizazioan egindako lana aitortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Abbadia saria emango dio Fagor Taldeari. Urtero banatzen da Euskararen Egunaren bueltan, baina aurten, aurreikuspenen arabera, urtarrilera arte itxaron beharko da. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak azaldu du euskararen erabilera "biziberritzen, gizarteratzen eta hedatzen" duten pertsonen eta taldeen aitortza egin nahi duela Antton Abbadia sariak. "Epaimahaiaren ustez, Fagor Taldearen ibilbideak eta gaur egun bizi duen errealitateak argi uzten du erreferentzia dela, euskararen arloan egin duen lanagatik, egiten ari denarengatik eta aurrera begira ere adierazten duen konpromisoarengatik", adierazi du.
Fagor Talde osoko langileen %85ek dakite euskaraz, eta erabilera %55ekoa dela diote azken datuek. Hala ere, hori ez da egun batetik bestera lortu. Leire Okarantza Fagor Taldeko Euskara Batzordeko buruak azaldu duenez, "urrats asko" egin dituzte egoera horretara iristeko.
Hastapenak, 70eko hamarkadan
Okarantzak azaldutakoaren arabera, kooperatiben hastapenetan, 70eko hamarkadan, "erabat erdalduna" zen lan eremua: "Langileen artean bailarako euskaldun zahar asko egon arren, laneko testuingurua ez zen batere euskalduna. Horixe izan zen aldaketarako abiapuntua". Lehenengo ekimenak euskara ikasteko gau-eskolak izan ziren; Fagor Taldeko langileak boluntario aritu ziren euskara irakasten eta ikasten. "Motibazioa zegoen. Euskararen erabilera lan mundura ekartzeko borondatea itzela zen", gehitu du Leire Okarantzak.
Urte batzuen buruan, baina, beste pauso bat emateko beharra zegoela sumatu zuten Fagorren. "Euskara normalizatzeak antolaketa eta sistematizazio bat eskatzen zuela konturatu ginen. Kanpoko laguntza, aholkularitza, behar genuen", azaldu du Euskara Batzordeko buruak. Hala,
1997an, Emun enpresarekin hitzarmenak sinatu zituzten, euskara planak "modu profesionalagoan" egiteko.
70eko hamarkadan euskara ikasteko gau-eskolak abiatu zituzten Fagor Taldeko boluntarioek
Emun urte hartan bertan sortu zen, Arrasaten; lan esparrua euskalduntzeko kooperatiba gisa aurkeztu zuen bere burua. Fagor Taldearekin akordioa sinatu eta hurrengo urtean, 1998an, lehenengo euskara plana abiatu zen bertan. Hamar urteren buruan taldearen baitako zortzi kooperatibetan jarri ziren martxan planak.
Ezagutzatik erabilerara
Eresti Oiarbide Emuneko aholkulariak azaldu du lehenengo urteetan lau ildotan egin zutela lan: euskararen ezagutzan, erabileran, jarduteko motibazioan eta euskara erakundean integratzean. Edozelan ere, oraintsu "jauzi kualitatiboa" egin dutela azaldu du Oiarbidek: "Lau ardatz horietatik helburu zehatzago eta anbizio handiagokoetara igaro da Fagor Taldea. Gainera, bosgarren ardatz bat ere gehitu da: iraunkortasuna".
Leire Okarantzak zehaztu ditu bukatu berri duten plan estrategikoak barnebiltzen dituenak. "Euskararen normalizazioan jarraitzeko lan-ildoak zehaztu berri ditugu 2021-2024 epealdirako", adierazi du. Euskararen ulermenaren unibertsalizazioa da lehenengo helburua; hau da, langile guztiek euskara ulertzea. "Erabiltzeko gai ez izan arren denak euskara ulertzeko gai bagara, erabilerarako aukera asko zabaltzen da", dio Okarantzak.
Bestetik, hizkuntza mapak osatuko dituzte: "Kooperatibetan, eremuz eremu, departamentu eta batzorde guztietan mapak egingo ditugu, hizkuntzaren egoera zein den aztertzeko". Hala, arnasguneak –euskaraz hitz egiten den eremua–, arnasgune izan daitezkeenak, ulerguneak
–euskararen ulermena bermatuta dagoen eremua– eta ulergune ez direnak identifikatu nahi dituzte, ondoren, esparru bakoitzean "egoerara egokitutako neurriak" jarri ahal izateko.
Hirugarren ildoak, berriz, euskararen funtzioa zehazteari egiten dio erreferentzia. Kontuan hartzekoa da Fagor Taldeak nazioartean egiten duela lan, eta, euskaraz gain, beste hizkuntza batzuk ere izan behar dituela kooperatibetan txertatuta. "Hizkuntza bakoitzak bere funtzioa izango du, eta zehaztu egin behar da ea euskarak zein espazio eta zein funtzio izango dituen gure eguneroko jardunean", argitu du batzordeburuak.
Bukatzeko, azken bi ildoak aurrez aipatutako iraunkortasunari eta elkarlanari lotutakoak dira: "Barrura nahiz kanpora begira, askotariko eragileekin lanean jarraitu nahi dugu. Oso emankorra da bide hori".
Elkarlana, bidea egiteko
Esan bezala, 1997an hasi ziren elkarlanean Fagor Taldea eta Emun, eta bidean "asko ikasi dutela" onartu dute biek. Oiarbidek esan du Emunek euskararen normalizaziorako bidean lagundu diola Fagorri, baina Fagorrek ere "asko eman diola" Emuni: "Fagorrek aukera eman digu arlo sozioekonomikoan probak egiteko, metodologia garatzeko, bideak esploratzeko... Taldeko kooperatiba guztiekin egin dugu lan, eta oso aberasgarria izan da guretzat ere". Nolanahi ere, Emuneko aholkulariak nabarmendu du sorreratik egin dutela lan handia Fagorreko langileek: "Hastapenetan ere lan handia egiten zen euskararen alorrean, baina, momentu batean, gu bidelagun izatea aukeratu zuten, jardun hori profesionalizatze aldera".
Okarantzak, bide beretik, adierazi du egungo egoerara iristeko hainbat bidelagun izan dituztela: Emun, Mondragon Taldeko kooperatibak, euskaltegiak, erakunde publikoak... Halere, prozesuan boluntario izan direnen "ahalegina eta lana" azpimarratu nahi izan ditu: "Erronka handi honen aurrean konpromiso handia erakutsi dute norbanakoek eta baita Fagor Taldea osatzen duten kooperatibek ere".
Euskararen normalizazioareko planak dituzten erakunde gehienak Debagoienean daude
Bailara konpromisoduna
Datuen arabera, euskal erakundeen %1ek bakarrik dituzte euskara planak abian, eta %1 hori osatzen duten gehiengoa kooperatibak dira. Horri lotuta, gauza jakina da euskal kooperatiben gehiengoa Debagoienean daudela, eta, hortaz, ez da harritzekoa euskara planak dituzten erakunde gehienak ere bailara honetan egotea. "Zalantzarik gabe, Debagoiena erreferentea dela uste dugu. Euskara planak dituzten erakunde gehienak bailara honetan daude, eta horrek beste enpresa batzuentzat erakusle izateko balio du", berretsi du Oiarbidek.
Halaber, Okarantzak ez du uste hori kasualitatea denik. "Kooperatibak gara gu, eta gure sorreratik eduki dugu gizarteko erronkei erantzuteko bokazioa", argitu du. Hala, iradoki du taldearen izaera ere badela lortutako emaitzaren giltzetako bat.
Emuneko kideak ere hala uste du: "Fagor bezalako erakunde batek horrelako apustua egitea izugarria da. Guk ere ez dugu uste kasualitatea denik kooperatiba izatea eta ezta bailara honetakoa izatea ere".
Erronka lan esparruan
Euskara indartzeari dagokionez, azken urteetan ahalegin handia egin da hezkuntzan. Haurrek eta gazteek euskaraz ikastea eta jardutea izan da euskalgintzaren bueltako dinamiken eta eragileen xedea, baina orain, beste eremu batean jarri dira begirada guztiak: lan esparruan. Izan ere, Fagor Taldeko Euskara Batzordeko Leire Okarantzak esan duenez, ezagutza teorikoa izan arren euskara erabiltzen ez bada, "ez da lortuko" hizkuntza normalizatzea: "Ikastetxeetan ikasi egingo dute, baina, ondoren, lan esparruan ez bada erabiltzen, gazteek ez diote zentzurik hartuko euskararen erabilerari".
Oiarbidek ere ondo daki zein izan den azken urteetako joera: "Behin eta berriz errepikatu da euskararen normalizaziorako apustua hezkuntzan egin behar zela. Egia da bere fruituak eman dituela; pertsona euskaldun gehiago daude. Baina orain, erronka alor sozioekonomikoan dagoela uste dugu". Emuneko aholkulariak azaldu du bizitzan "ordu asko" egiten direla lanean, eta, hori kontuan izanda, enpresei dagokiela hezkuntzan egindako bideari "jarraipena ematea". "Euskara normalizatzeko ezinbestekoa da lan eremua. Euskaraz ikasi dutenei euskaraz lan egiteko aukera erabatekoa eman behar zaie", gehitu du.
Esandakoari jarraiki, Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak ere hor jartzen du fokua: "40 urte daramatzagu hezkuntzaren eremuan ikasleak euskalduntzen: eskolan hasi eta unibertsitateraino. Eta ez da ulertzekoa pertsona horiek lan mundura salto
egiten dutenean euskaraz ez egitea". Halaber, adierazi du "naturala" izan beharko litzatekeela lan munduan ere "jakinduria hori aprobetxatzea", eta, indarrak batuta, horretan eragin nahi dutela azaldu du: "Hori da apustua orain".
Lanean jarraitzeko gogoz
Gizartean bezala, Fagor Taldeko kooperatibetan ere erabilera da erronkarik handiena, baina "apurka-apurka" aurrera egingo dutela dio Oiarbidek: "Ezagutza maila handia dago: formakuntza planak egiten dira, kontratazioetan euskara lehenesten da... Hala ere, ezin gara erlaxatu. Erraza da atzerapausoak egitea, eta denok jabetzen gara arriskuaz".
Abbadia saria "pozik" jaso duten arren, Fagor Taldean garbi dute oraindik asko dagoela egiteko. "Honek ez du esan nahi dagoeneko Fagor Taldeak lortu duenik euskara normalizatzea. Oraindik ez gara helmugara iritsi", argitu du Okarantzak.
Beste lau Abaddia sari ere banatu dira bailaran
Duela 25 urte sortu zuen Foru Aldundiak Anton Abbadia saria, eta ordutik Debagoieneko bost eragile, proiektu eta norbanakok jaso dute aitortza euskararen normalizazioaren bidean egindako lanagatik.
Azken Abbadia sari hau Fagor Taldeari emango diote, baina lehenengoa ere bailaran banatu zen: 1996an, Arantzazuko Egutegia saritu zuten. Hurrengo urtean, 1997an, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteari eman zioten saria. Eta bost urte geroago, 2002an, Oñatiko Juan Zelaia enpresaburua saritu zuten. Zelaia Cegasa, Tuboplast eta Hidronor enpresen presidente izan zen, besteak beste. Hurrengo urtean, 2003an, Elay Taldearen lanak jaso zuen Foru Aldundiaren aintzatespena.
Sarituen zerrendan ikusten denez, Elay eta Fagor taldeak dira momentura arte saritu dituzten erakunde industrial bakarrak. Garbiñe Mendizabalek onartu du ez dela ohikoa izaten saria enpresei ematea, baina garrantzitsutzat jo du bi taldeek euskararen normalizazioaren alde egiten duten lana.