Datorren urteari itxaropenez begiratzen dio euskal komunitateak. Pandemiak euskarari ere ez baitio onurarik ekarri, hein handi batean, hizkuntza normalizatzeko ekitaldi jendetsuak ezin izan direlako aurrera eraman. Korrikaren kasua izan da hori, aurtengo udaberrian egitea zelako asmoa, 2019ko ekitaldiaren ostean. Beste dinamika batzuk, ordea, garatu ahal izan dira; iazko Euskaraldia kasu. Hala ere, Euskaltzaleen Topaguneko antolatzaileek frogatu dute osasun egoerak zeharo baldintzatu zuela ariketa soziala. Ondorioz, ez zioten nahi besteko zukurik atera, eta arantza hori ateratzeko baliatuko dute datorren urtea.
Korrika, "egoerara moldatuta"
Bi urtean behin antolatu izan da, 1980tik, AEKren eskutik jaiotako egitasmoa, 1982an 1983an egindakoak salbu. 2021ean tokatzen zen 22. aldia martxan jartzea, baina historian lehen aldiz atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek: "Pandemiaren transmisioa ahalik eta gehien kontrolatzeko". Erabaki "latz" haren berri eman zutenean "baldintza aproposetan" egin gura zutela adierazi zuen Asier Amondo Korrikako arduradunak. Hala, 2022ko udaberria data egokia izan zitekeela ondorioztatu zuten.Orduko asmoa, oraingoa bezala, "denok desiratzen dugun Korrika" egitea zen. Momentuko osasun egoerak zeresan handia izango du ekitaldiaren nolakotasunean. Horren harira, Arrasateko AEK euskaltegiko zuzendari eta irakasle Oskar Elizburuk aurreratu du "ohiko Korrika ezin bada egin, baldintzatua" egingo dela, eta "egon daitezkeen eszenatoki posible guztiak aztertzen" dihardutela gaineratu du.
Amurriotik Donostiara
Esanak esan, 22. ekitaldiaren leloa argitaratu dute dagoeneko: Hitzekin. Hilaren 17an Donostiako San Telmo museoan egindako agerraldian eman zuten horren berri: "Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, hiztun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak". Horrez gain, martxoaren 30ean Amurrion hasi eta apirilaren 10ean Donostian amaituko dela aurreratu zuten, guztira 2.500 kilometroko ibilbidea osatuz. Ohi bezala, Euskal Herriko herri gehienetatik igaroko da Korrika: "Datozen egunetan joango gara ibilbidearen nondik norakoak jakinarazten". Bestalde, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak izango dira datorren urteko omenduak, "beren ibilbidean adierazi duten konpromiso eta ekinagatik".
Babesteko moduak
Datorren aldirako ere modu askotan parte hartzeko aukera ireki du AEK-k, ekitaldian bertan korrika egiteaz gain. Antolaketan lagundu nahi duenak herri mailako Korrika batzordeetan parte har dezake; ekarpen ekonomikoa ere egin daiteke, Korrika laguntzaile bihurtuz edo online dendan petoa erosiz –informazio gehiagorako, sartu korrika.eus atarian–; eta, enpresa edo saltokien kasuan, berriz, kilometroak eskuratu ditzakete, Korrikaren bulegoetara joanda.
Euskaraldia, hirugarrenez
Euskaraldiarekin jarraituz, hurrengo hitzorduaren berri aza-roaren 20an eman zuten, Iruñeko Zentral aretoan. Hala, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da hirugarren ariketa sozial masiboa.
Iruñeko agerraldian Euskaraldiko, Euskaltzaleen Topaguneko, Nafarroako Gobernuko, Euskal Hiriguneko Elkargoko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek hartu zuten hitza. Adierazi zuten hizkuntza ohiturak aldatzeko sortutako ekimenak "proposamen berriak" egingo dizkietela partaideei, orain arte egindakoak mantenduta: "Ahobizi eta belarriprest rolei eutsiko diegu, eta, era berean, bigarren edizioan berrikuntza nabarmena izan ziren ariguneak finkatuko ditugu". Izan ere, pandemiaren eraginez ezin izan zuten nahi beste entitatetara heldu 2020an, eta hurrengo urtea espero dute izango dela bigarren edizio horretan probatutako ildo hori zabaldu eta sakontzeko urtea.
Egungo irakurketa eginda, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak gaur egun euskararen egoera "larria" dela gogoratu du: "Zaintza eta bultzada iraunkor eta indartsuak behar ditu euskarak, bere aldeko jarrerak indartzeko, ezagutza unibertsalizatzeko eta erabilera handitzeko". Euskara ulertzen duten haur eta gazteak; familietan, eskoletan edo euskaltegietan euskara ikasi dutenak gero eta gehiago direla aintzat hartuta, "herritarrak euskararen alde egotetik erabilera aktibatzeko tenorea" iritsi dela nabarmendu du Amonarrizek.
Ideia horri egiten dio keinu, hain zuzen, Hitzez ekiteko garaia leloak. Sustatzaileen esanetan, "harreman sozialak mugatuta egon dira hilabeteetan, eta hizkuntza ohituren aldaketan jauzi berri bat emateko hitza eta ekintza uztartzeko beharra azpimarratu nahi izan da leloaren bidez". Hori horrela, hitzaren bidez "eragiteko deia" egin nahi diete herritar eta entitateei, "hitza baita hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko tresna nagusia".
Herri batzordeak
Eta aurreko deialdietan bezala, datorren urtekoan ere herri batzordeak izango dira Euskaraldia herriz herri martxan jarriko duten motorrak. Pixkanaka hasiko dira batzen 2022an, eta urte osoa izango dute iaz pila-tutako esperientzia gizartearen baitako esparru askotan praktikan jarri eta hizkuntza ohituretan aldaketa eragiteko.