Euskaraz egin zen lehen epaiketa bezala gogoratzen da Nekane San Miguel magistratu arrasatearrak 1993an Tolosan ebatzi zuena. Tolosaldeko atarian egin dioten elkarrizketan adierazi du "bidezkoa" zelako egin zela modu hartan: "Baserritar euskaldun peto bat epaitu behar nuen; aurrean nuenean, nola zuzenduko natzaio gaztelaniaz? galdetzen nion neroni. EAEn bi hizkuntza ofizial izanik, herritarrei horietako bat aukeran emateko betebeharra dugu, eta, noski, pertsona jakin batek bere hizkuntzan lasai hitz egiteko aukera izanez gero, nire aldetik inoiz ez da arazorik egongo".
Edonola ere, kasu hura salbuespena izan zela nabarmendu du, epaitegietan gaztelera nagusitzen zelako: "Nik izapide ugari egiten nituen euskaraz, baina gaztelaniaz dokumentatzen ziren. Izan ere, transkripzioak funtzionarioek egiten zituzten, eta euskaldunak izaten ziren, baina alfabetatu gabeak".
Kasu hura aurrekari garrantzitsu bilaka zitekeen, baina ez zen horrela izan, hein handi batean, "epaiketa laburra" izan zelako. Izan ere, "modu anekdotikoan" gogoratzen du San Miguelek pertsona batek salaketa euskaraz jartzen dituen kasuak, edo itzultzailea eskatzea euskaraz egin ahal izateko.
Tresnak egon badaude
Urteen poderioz, ordea, euskara sustatzeko modelo batzuk sortu dira; Auzia Euskaraz, kasu. Justizia Administrazioko hainbat eragilek osatzen dute proiektua; besteak beste, abokatuek, prokuradoreek, epaitegietako langileek, fiskalek eta epaileek. EAEko edozein epaitegitan auzi bat hasieratik amaierara euskaraz izapidetzea du helburu, eta prozesu hori gauza dadin azpiegitura eraikitzea da bertako kideen erronka nagusia.
Gaur egun, epaitegietara euskaraz iristen diren espedienteak udalerri euskaldunetatik baino ez dira iristen, "baina gero, gaztelaniara itzultzen da dena, epaileek gaztelaniaz ematen dute ebazpena, eta, ondoren, berriro itzultzen da euskarara sententzia", dio San Miguelek.Hori horrela izatearen arrazoietako bat da botere judizialaren lege organikoak ez diela euskara maila minimorik eskatzen epaile, fiskal eta idazkari judizialei, arlo horretako transferentziarik ez dagoelako EAEn: "Baina Erkidegoko funtzionarioen kasuan badaude transferentziak; ondorioz, horiei euskara maila bat eskatzen zaie", aipatu du Xabier Balerdik, Auzia Euskaraz taldeko kideak.
Gabezia, hezkuntzatik
Zuzenbidea ikasten duten gazteak, duela zenbait hamarkada ez bezala, euskaraz alfabetatuta daude, eta unibertsitateko ikasketak euskaraz egiteko aukera dute. "Baina gero, euskararen presentzia oso urria da, liburu eta lege mardulak gazteleraz idatzita daudelako, eta, ondorioz, praktikan ere gazteleraz irakasten delako, oro har", nabarmendu du Zuzenbide ikasketak dituen Inesa Ugaldek.
Gakoa, jarrera aldaketa
Egia da gero eta baliabide gehiago daudela Justizia Administratiboan euskara indartzeko, eta baliteke etorkizuneko zuzenbideko profesional euskaldunek joera aldatzeko saiakera egitea hemendik aurrera. Hala ere, ahalegin hori herritarrengandik ere irtetea komenigarria da, epaitegiekiko dagoen aurreiritzia aldatuta: "Epaitegia eremu zaila edo erasokorra suertatu daiteke; askorentzat urruneko lekua da, arrotza, eta, ondorioz, beldurtuta joaten dira; ez nuke esango arerioa denik hitz egokiena, baina, batzuetan, hala sentitzen dugu", hausnartu du San Miguelek, eta fokua beldur horretan jarri behar dela gehitu du: "Guztiok dugu ardura edo erruren bat, eta errua duenak aldatzeko ahalmena du; errurik ez baduzu, beste batek izango du errua, eta, orduan, horrek izango du ahalmen hori".
Intsumisoen eredua
Zenbait mugimenduk eta eragilek jarrera aktiboa erakutsi izan dute epaitegietan aldarrikapenak egiterakoan; intsumisoek, esaterako. Baina joera hori ez da gizarte zibilean finkatu, gerora oso puntualak izan direlako epaiketak euskaraz egiteko eskaerak. Badago, horrenbestez, norengandik ikasi.