Ez da lehen aldia izan euskararen esparrua lantzen duten eragileek gurasoen hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko egitasmoa martxan jarri dutena, baina, agian, "aktibazioan" gehien sakondu dutena bai. Itxaro Artolak, AEDko kideak, ñabardura hori azpimarratu du Aurren aurrean helduok heldu kanpainaren balorazioa egiteko orduan. Bi astez martxan egon den dinamika domeka honetan amaituko dela aintzat hartuta, oraindik goizegi da eman duenari buruzko gogoeta sakona egiteko, baina berandu ere ez da azaroaren 22az geroztik jorratutako ekintzen berri emateko. Izan ere, herri bakoitzeko euskara elkarte nahiz zerbitzuek diseinatu dute euren eragin esparruan aplikatzeko saioak, eta, horretxegatik, modu ugaritan eman diote forma egitasmoari.
Mahai-jolasak Aramaion
Arabako deialdiarekin bat eginez, Gorbeialdeko Kuadrillako herrietan proposatutako ekintzak hartu dituzte aintzat Aramaion. Hala, Jolas molaz izeneko tailerrean parte hartzeko aitzakian batu ziren atzo arratsaldean ludotekan bertako erabiltzaileak. Rosa Mondragon Aramaioko Udaleko Euskara teknikariak adierazi du 3 eta 12 urte arteko zenbait gaztek parte hartu zutela euskarazko mahai-jolasak ezagutu eta probatzeko zitan, adinez nagusiak diren arduradunekin batera.
Oñatin, epe ertainerako plana
Oñatiko Euskara Zerbitzuak ikastetxeen bitartez egin du sentsibilizazio kanpaina: "Guraso eta haur talde bat sortzeko saiakera egin dugu, gerora kanpaina honekin zerikusia duten antzeko ekintzei bide emateko", adierazi du Xabier Zabaletak, Oñatiko Euskara teknikariak.
Eskoriatzan, bideo eta guzti
AZ Visual Mediakoen laguntzarekin grabatu dute Haurren aurrean, helduak heldu ekimenak Eskoriatzan ematen diharduena; Izan eredu bideoa kaleratu dute ikastetxeek, gurasoen eta hezitzaileen parte hartzearekin.
Ekintzak ia egunero
Bergaran eta Arrasaten txoko ugari jolastoki bilakatu dituzte euskara elkarteek. Jardunek martitzen, eguazten eta eguen arratsaldeak girotu ditu Maria-ren Lagundian, Aranzadin eta San Martinen. Azken eskola horretako ekintzetan parte hartu du Nora Olabide gurasoak. Haren esanetan, "hasieran kosta" egin zaie haurren erritmoari jarraitzea. Dena den, uste du euskara sarri erabiltzera ohituta ez dauden gurasoendako "tresna baliagarriak" direla dinamizatzaileek proposatutako jolasak, "euskaraz modu naturalagoan" egiten dutela iritzita.
Arrasaten ere aktibo mantendu dute Haurren aurrean helduok heldu egitaraua, baina onartu dute eguraldiak ez duela lagundu nahi beste ekintza aurrera eramateko garaian: "Helduek jolasteko Jolasen kutxa ibiltaria geneukan pentsatuta kalera ateratzea, baina parte hartze urria izan du, euriagatik".
Oztopoak oztopo, atzo, eguena, Usaetxe plazako ludotekan egin zituzten ekintza ludikoak; eta gaur arratsaldean, berriz, Biterin egingo dute Arrasate mailako azken ekitaldia. "Jai-giroa sortzeko asmoz egingo dugu, txokolate beroa dastatuz eta bertsoak denon artean abestuz", aurreratu du AEDko Itxaro Artolak.
Helduek hizkuntza ohituren inguruan hausnartzea lortu dutela iritzita, antzeko saioek segida izango dute, ziur, aurre-antzean: "Transmisioaren onerako, gaiak erdigunean jarraitu dezan".