Modu presentzialean eta online, Durangoko Azoka bi formatutan aurten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko abe. 3a, 13:56

2019ko Durangoko Azoka.

Gaur, egubakoitza, abiatuko dute Durangoko azokaren online denda eta bihar zabalduko dituzte Landako guneko eta beste sei guneetako ateak; Plateruenara eta Landako gunera sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea.

"Urte zaila eta konplikatua izan da euskal sortzaileentzat, baina uzta oparoa utzi digute; horren erakusle da Durangoko Azokan eskura izango den eskaintza: 990 kultura lan berri izango dira 219 erakusmahaitan banatuta", dio Gerediaga elkarteko koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak, eta zera gaineratu du: "Osasun-neurri guztiak zorroztasunez beteko ditugu, eta gauza bera eskatu gura diegu kulturazaleei ere: arduraz eta erantzukizunez jokatzeko bai Azoka barruan eta baita Azokatik kanpo ere, herrigunean".

Gaur, egubakoitza, goizean abiatu dute –Durangokoazoka.eus atarian–, abenduaren 7ra bitartean, Azokako denda digitala. "Online dendako bidal- ketak aurrez aurreko Azoka amaitzerakoan egingo dira; hau da, abenduaren 9tik aurrera". Bihar, zapatua, hasi eta abenduaren 8ra bitartean izango da Azoka presentziala zabalik. 56. aldia da aurtengoa; Bada! da aukeratutako leloa eta Leire Urbeltz Iruñeko sortzaileak egin duen Desipuindegia lana da aurtengo irudia.

Izena eman behar bi gunetan

Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea Literatura, Saguganbara, Talaia –areto nagusiaren lekukoa hartuko du–, Landako Gunea eta Plateruena –Ahotsenea Musika– izeneko guneetan, dendaz gainera askotariko ekitaldiak izango dira. "Landako Gunera eta Plateruenara sartzeko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea erreserba-sistema baten bidez, Durangokoazoka.eus atarian. Ordu eta erdiko txanda izango dute bisitariek Landako Gunean egoteko, eta egunero bost txanda ezberdin sortu dira, 1.200 bisitarietakoak; beraz, gehienez 6000 bisita izango ditugu Landakon. Dagoeneko Landako Gunerako hainbat txanda bete dira eta Plateruenan izango diren hainbat kontzertutako sarrerak ere agortu dira. Gainontzeko guneetarako ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea".

Azoka telebista ere bai

Aipatutako guneez gainera, Azoka Telebista ere izango da aurten, eta Landako Gunean eta Plateruenan egingo dituzten ekitaldi guztiak streaming bidez eskainiko dituzte, bihartik hasita Goiena.eus atarian izango diren bi kanalen bitartez. Emanaldi horiez gainera, eguneko protagonistak eta ekitaldien laburpena jasoko dituen Bada! saioa eskainiko dute, 22:00etan hasita, Goiena telebistan.

Aurtengo Durangoko Azokan izango diren Debagoieneko sortzaileen lanak.

Debagoieneko sortzaileak

Debagoieneko sortzaileek eta elkarteek argitaratutakoak edo eskualdeko gaiak eta pertsonaiak protagonista dituzten ekoizpen berri asko izango dira Durangoko Azokan. Aurten eskualdean lan gehiago argitaratu badira ere, hauek izango dira kulturaren plaza-n eta Durangokoazoka.eus atarian erosgai: lau poesia liburu –horietako bat, kantu-liburua–, saiakeratik gertu dauden hiru argitalpen, hiru komiki-liburu, bi eleberri eta askotariko musika estiloetako kantuak batzen dituzten hamaika disko berri.

Estreinakoz Azokan izango dira Idoia Asurmendiren, Hegazkin taldearen, Ekiñe Casadoren, Klak!son taldearen eta Eñaut Zubizarreta Trigger-en diskoak erosgai, eta baita Itziar Ugarteren eta Oihana Aranaren poesia liburuak ere. Azokan eskarmentua duten Ruper Ordorikaren, Fermin Etxegoienen, Julen Ribasen eta Ane Odriozolaren azken lanak ere han izango dira. Odriozolak stand propioa izango du eta eskualdekoen beste lan gehienak dagokien argitaletxeen postuetan izango dira, baina badira Musikazuzenean eta Mukuru kolektiboaren saltokietan izango direnak ere. Arrasateko Mauka Musikagintzak ere askotariko lanak eramango ditu.

Debagoiendarren aurkezpenak

Abenduak 4

  • Iban Del Campo Uribarrena Serendipia filma, 13:00etan, Irudienean.
  • Serge Leihotik mundura diskoaren aurkezpena, 14:30ean, Plateruenan.
  • Jokin Urain Txomin. Aurrera Bolie! liburuaren aurkezpena, 16:30ean, Landako gunean.
  • Alex Tello eta Julen Ribas Sua komikiaren aurkezpena, 17:00etan, musika eskolan.

Abenduak 5

  • Itziar Ugarte Irizar Gu gabe ere liburuaren aurkezpena, 18:00etan, musika eskolan.
  • Fermin Etxegoien Uribeetxeberria Totelak liburuaren aurkezpena, 18:30ean, musika eskolan.

Abenduak 6

  • Itsaso Pagoaga Familian jolasean tailerra, 10:30ean, Elkartegian.
  • Eñaut Zubizarreta Mendieta Trigger Poliedro Vol. I diskoaren aurkezpena, 11:00etan, Plateruenan.
  • Iker Martinez eta Zaldi Herrenak Hegaldiak diskoaren aurkezpena, 15:40an, Plateruenan.
  • Jon Sarasua eta Antxoka Agirre Bertsolaritzaren historia soziala lanaren aurkezpena, 15:40an, Landako gunean.

Abenduak 7

  • Ekiñe Besterik ez diskoaren aurkezpena, 11:30ean, Plateruenan.
  • Konpost Konpost diskoa aurkeztuko du Txerra Bolinagaren taldeak, 12:10ean, Plateruenan.
  • Hegazkin Haize
beltzak diskoaren aurkezpena 16:50ean, Plateruenan.
  • Mireia Gabilondo bergararrak zuzendu duen Erlauntza filma, 18:30ean, Irudienean.
  • Wood Strings
 Isladak diskoaren aurkezpena, 19:10ean, Plateruenan.

Abenduak 8

  • Oihana Arana Cardenal Lazunak azazkaletan liburuaren aurkezpena, 14:00etan, musika eskolan.
  • Asier Altuna eta Migel Angel Elkoroberezibar Bergara, Serafin Esnaolaren begirada. 1965-85 filma, 14:00etan, Irudienean.
  • Klak!son Puntu urdin margula diskoaren aurkezpena, 16:50ean, Plateruenan.
  • Txatxilipurdi Komunikazio ez bortitza: bizi hizkuntza
bat lanaren aurkezpena, 17:30ean, Landako gunean.
  • Screamers and Sinners-ek Odolkiak Ordainetan taldearekin batera atera duen diskoaren aurkezpena, 20:20an, Plateruenan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak