Ama-hizkuntza mantentzen atzerrian

Imanol Beloki Unamuno 2021ko abe. 3a, 12:57

Arritxu Barruso bergararra seme-alabarekin, Aruban.

Debagoiendarren esperientziak ugariak dira atzerrian, baina, hizkuntzari erreparatuz, nola mantentzen dute euskara atzerrian? zer egiten dute horretarako? Posible da beste hizkuntza baten bizi arren nork berea erabiltzeko tartea hartzea?

Laura Lakontxak,  Alemanian bizi den oñatiarrak, Mikel Muñozek, Londresen bizi den eskoriatzarrak, Sara Nuñezek, Irlandan bizi den arrasatearrak eta Arritxu Barrusok, Aruban bizi den bergararrak kontatu digute nola mantentzen duten euskara atzerrian.

Laura Lakontxa.  Alemanian bizi den oñatiarra

"Irakurtzeak asko laguntzen dit hizkuntza mantentzen"

Laura Lakontxa oñatiarra Alemaniako Munich hiran bizi da duela 26 urte. Lau seme-alaba ditu, eta, bizitza egonkortuta, euskara presente dute bertan.

Bi kulturen aberastasuna

"Etxean senarrarekin alemanez eta seme-alabekin euskaraz hitz egiten dut. Ohitura dut euskaraz irakurtzeko, eta horrek laguntzen dit hizkuntza mantentzen, eta familiarekin ere sarri hitz egiten dut... Etxean bi kultura lantzen ditugu, eta aberasgarria da gure seme-alabak bi kulturen parte izatea".

Mikel Muñoz. Londresen bizi den eskoriatzarra

"Alabari nire hizkuntza eta kultura transmititzen saiatzen naiz"

Maitasunagatik Londresera bizitzera joatea erabaki zuen Muñozek 2016an. Pekcham auzoan bizi ostean, duela lau urtetik Wimbledon auzoan bizi da Mar neskalagunarekin eta Aitana alaba txikiarekin.

Kontaktua mantentzea

"Aldizkari digitalak, EITB eta Goiena ikusteko tartea hartzen dut noizean behin. Horrekin batera, Euskal Herriko lagunekin kontaktua mantentzen dut, eta ezinbestekoa da hori euskaraz hitz egiteko eta, nolabait, hizkuntza maila mantentzeko. Hala ere, etxeko txikiari saiatzen naiz zerbait irakasten, gure hizkuntza eta kultura ere ezagutu ditzan...".

Sara Nuñez, Irlandan bizi den arrasatearra

"Etxetik urrun egon arren, gure nortasunaren parte da euskara"

Skibbereen izeneko herritxo batean bizi da Sara Nuñez de Alonso arrasatearra, WestCorken, Irlandan, 2016a ezkero. Au pair lan egitera bost hilabeterako joan zen, hasiera batean, eta bost urte bete berri ditu bertan. Irlandan ez duela kontaktu handirik izan euskararekin dio Nuñez de Alonsok, euskal herritarrik ez duelako bertan ezagutu, eta bertan dituen lagunak irlandarrak, madrildarrak eta katalanak direlako, batez ere.

Haurrei kantak irakasten

"Irlandan ez dut aukera askorik izan euskaraz hitz egiteko. Hala ere, mantentzen saiatzen naiz, bestelako bideetatik. Kuadrillakoekin hitz egitean euskaraz egiten dut, euskarazko musika entzuten dut eta bikotekideari euskarazko hitzak eta esaldiak erakusten dizkiot. Au pair bi urtez aritu ostean, irakaskuntzan hasi nintzen, eta, gaur egun, haur eskola batean egiten dut lan, irlandera ikasiz eta irakatsiz. Hala ere, haurrei irakasten dizkiet euskarazko hitzak eta baita abestiak ere. Arrotza da beraientzat, bitxia, hizkuntza xelebrea zenbaitentzat, baina gogoz eta gustura ikasten dituzte kantak.

Euskara, nortasunaren parte

Horrekin batera, azpimarratuko nuke etxetik urrun bizi naizen arren euskara gure nortasunaren parte dela, eta, etorkizunean haurrak izaten baditut, atzerrian, euskara presente izango dutela, zalantza gabe. Oso argi dut hori; nire amamaren hizkuntza izanda, nire gurasoek ez dute ikasi, eta nik hori utzi nahi diet nire ondorengoei".

Arritxu Barruso, Aruban bizi den bergararra

Euskarazko lanen eguna egiten dugu, hainbat ariketarekin"

Herbehereetako Erresumaren menpe dagoen Karibeko Aruba uhartean bizi da gaur egun Arritxu Barruso, senarrarekin eta bi seme-alabekin.

Testu-liburuekin lagunduz

"Senarrak ingelesez hitz egiten die haurrei umetatik, eta euskaraz eta gazteleraz ere egiten diegu. Aruban bost hizkuntzarekin ari dira eskolan; dakitenez gain, herbeheretarrez eta papiamentoz, bertako hizkuntzan. Hala ere, euren lehen hizkuntza euskara da eta astean behin euskarazko lanen eguna egiten dugu. Euskarazko testu-liburu batzuk ekarri nituen, eta idazkera eta irakurketa lantzen ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak