Hitanoaren olatua iritsi da

Maider Arregi 2021ko abe. 3a, 08:30

Bertsotan, lagunekin poteoan, erosketak egiterakoan... zergatik ez dugu hitanoa erabiliko? Appa hi! aplikazioari esker asko dira hitanoa erabiltzen hasi direnak.

Bost astean –35 egun– Oñatiko hitanoa ikastea posible da Appa hi! aplikazioaren eskutik. Dagoeneko 300dik gora lagunek jaitsi dute. Badihardugu Euskara Elkarteak CodeSyntax enpresarekin elkarlanean Oñatiko Udalarendako garatu duen aplikazioa da. "2019an, Ingo Xonau! proiektuaren baitan abiatu genuen hitanoa indarberritzeko ekimena Oñatin bereziki emakumeei zuzenduta, nokari, zegoen egitasmoa. 50 urtetik beherako emakumezko oñatiarren artean galzorian zegoela ikusi genuen, eta nokarik ez zela erabiltzen. Mutilena, toka, aldiz, bizirik zegoen eta erabiltzen zen", azal-du du Badiharduguko langile eta aplikazioaren sustatzaile Idoia Etxeberriak.

Ikasi hitanoa 35 egunean

Hitanoa ikasteko app-ak egunero-egunero pilula bat eskaintzen die erabiltzaileei: "Informazio jakin bat, azalpenak, marrazkiak edota bideoren bat eskaintzen ditu aplikazioak. Ondoren, galdera-erantzunekin partida jokatzeko aukera dago. Galdera ondo erantzunez gero, hurrengo egunerako pilula aktibatzen da. Hala, denak ondo erantzunez gero, 35 egunean hika ikasteko aukera dago. Bideo adibideen artean, 2019an noka diharduten Oñatiko emakumeei egindako elkarrizketak daude –gizonezkoren bat edo beste ere agertzen da bideoetan–. Herritarrak agertzen dira, eta horrek erakargarriago egiten du hitano-jokoa". Ezin aipatu gabe utzi balio erantsia Mirari Sagarzazuk egindako ilustrazio lanek ematen dietela ariketa horiei.

Oñatitik Euskal Herrira

Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioak beste salto bat emango duela ere iragarri du Idoia Etxeberriak: "Baturako bertsioa egiteko asmoa daukagu. Data zehatzik ez daukagu, baina datorren urterako saltoa emango dugu". Etxeberriak gaineratu du "neurri batean" erreferentzia bilakatu dela Oñatiko ekimena hitanoa sustatzen ari direnen artean. "Durangaldeko AEK-k guk Oñatiko hika bultzatzeko poltsikorako atera genuen liburuxkaren bertsioa kaleratu du. Usurbilen ere gure liburuxkaren beste bertsio bat kaleratu berri dute, eta badirudi badagoela hitanoaren aldeko olatua".

Oñatiko Hikaldiak negurako kantua ere badauka. Atzoko Ogixa taldeko Arantzazu Sagarzazuk eta Maite Aizpuruak sortutakoa da. Oso kantu alaia da, eta harrera beroa izan duena. "Hikaldiaren baitan emandako kontzerturako eta hika poteorako sortu duten kantu itsaskorra eta polita da", dio Etxeberriak.

Gaur-gaurkoz, Android sistemarako soilik dago Appa hi! aplikazioa garatuta, baina asmoa da laster Iphonerako ere gertu egotea. "Apple etxearen baimen kontu batzuk medio oraindik ez dago gertu Iphonerako aplikazioa, baina asmoa da ahalik eta azkarren eskuragarri izatea. Gaineratu nahi nuke aplikazioa jaistea doakoa dela eta erabiltzaileek ez dutela zertan hika jakin jokoaz gozatzeko. Gainera, ez da soilik gazteendako; izan ere, adin tarte zabala ere dabil gaur egun teknologia berriekin, eta guztiendako da egokia".

Hitanoa berreskuratu

Elgetan ere hirugarrenez antolatu dute hitanoa berreskuratu eta bultzatzeko ikastaroa. Juan Martin Elexpuruk, ikastaroko irakasleak, hitanoaren transmisioak zertan huts egin duen azaldu du: "Badira hitanoaren erabilera galtzear egotearen zenbait arrazoi. Baina kontuan izan behar dugu euskara bera ia galtzear ere egon dela. Horregatik, hika bigarren mailara igaro zen. Hala, transmisioan asko galdu da, eta gurasoek ez diete seme-alabei irakatsi. Euskaldun berri asko ere sortu da, eta horiei ere ez zaie hitanoa irakatsi eta transmititu".

Zorionez, baina, egun gizartean badagoela hitanoa ikasteko gogoa eta nahia azaldu du: "Hikak asko ematen du. Lagun arteko eta konfiantzazko giro beroa sortzen du. Etxera iritsi eta zapatilak jartzea bezalaxe da: gertutasunaren isla da; halaber, borrokan ere hika erabiltzen da. Hikak halako berbeta bero bat ematen du".

Erabilera okerra

Maiz, ordea, hitanoa ez da ondo erabiltzen; gehientsuenetan, ez beti, belaunaldi gazteen artean. Baina zer da hobea, hika gaizki erabiltzea edo ez erabiltzea? Zalantzarik gabe, erabiltzearen aldeko hautua egin du Juan Martin Elexpuruk: "Hizkuntza bat erabili egin behar da; beraz, hitanoa beldurrik gabe egin behar dugu; baita zuka ere. Denak erabiltzearen aldekoa naiz. Alboan lagunen batek zu- zentzen bagaitu, ondo, baina erabili, erabili egin behar dugu hitanoa".

Elexpuruk gaineratu du Appa hi! moduko ekimenek hitanoa gizarteratu eta gerturatu egiten dutela. "Nik uste dut Euskal Herri osoa aintzat hartuta Oñatik azken urteetan lan ederra egin duela herri euskara bultzatzen, eta lan gehien egin duen herria izan dela. Hika ere, testuinguru horren barruan eta Idoia Etxeberriak sustatutako app-ari esker bultzatu dute. Aplikazio oso erabilgarria da, eta, gaur egun ia dena telefonoaren bitartez egiten denez, ekimen aparta dela deritzot".

Elgetako Udaleko Euskara zinegotzi Ane Bilbao hika-laguna da. Hitanoa erabiltzen duen arren, kontatu du erraztasunez hitz egiten ikasteko parte har- tu duela ikastaroan: "Falta zaizkidan ohitura batzuk hartzeko baliagarria zait ikastaroa; hala, gertukoak hika egitera bultzatzeko aitzakia ere bada. Etxean, gurasoei zein anaia eta lehen- gusuei entzun diet hika egiten; hala ere, niri ez didaten irakatsi eta ez da transmisio hori gertatu".

Hitanoa bertsotan

Askorako, eta jende asko erakarriaz, gainera, Arrasaten nahiz Oñatin hika bertso-saioak antolatu dituzte. Oñatiko gaztelekua, esaterako, bete egin zen Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluzerekin egindako hika bertso-saioa jarraitzeko. Mirari Sagarzazuk jarritako gai eta ariketei bota zizkieten bertsoak; askotan, gainera, hitanoan. "Horixe zen helburua: batez ere, Oñatiko hitanoa nabarmentzea. Saioaren aurretik zalantza eta erreparo asko ge- nituen, baina gero, eurek asko eskertu dute, ni oso gustura egon naiz eta plaza ere epel zegoen, jendea bero", kontatu du Sagarzazuk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak